Poliziaren presentziak eta atxiloketek markatu dute Ipar Euskal Herrian blokatze eguna

Sare sozialen bidez antolaturiko "Asaldatu gaitezen!" mugimenduak deituriko blokatze egunak eragin nabarmena izanen du, Baiona inguruan bereziki. Sindikatu gehienek ere mobilizatzeko deia egin dute. Egunaren zuzeneko jarraipena eginen dugu hemen.

Poliziaren presentziak eta atxiloketek markatu dute Ipar Euskal Herrian blokatze eguna
Goizeko 6:30ean hasi da Baionako Leroy Merlin saltoki inguruan blokatzea. EUSKAL IRRATIAK
Aimar Lopez Erasun
2025/09/10 06:30

François Bayrouren dimisioak eta Sébastien Lecornu lehen ministro berriaren izendapenak ez du mugimendu sozialen haserrea eta hauspoa apaldu, eta azken asteetan lehenik sare sozialen bidez eta ondotik sindikatuek babesturik antolaturiko blokatze eguna hasi da Ipar Euskal Herrian baita Frantses estatu osoan ere.

80.000 polizia mobilizatu dituela iragarri zuen atzo Bruno Retailleau Barne Ministroak, eta Pirinio Atlantikoetako prefekturak drone bidezko zaintza egiteko asmoa iragarri zuen Pauen eta Baionan. Auzitegi batek Pauekoa debekatu zuen atzo, eta Euskal Irratiek jakin dugunez, Baionako zaintzaren aurkako helegitea ere eman dute abokatu batzuek, gaur goizean epaileak erabaki zain.

Euskal Irratiek gaurko egunaren jarraipen hurbila eginen dugu gure antenetan, sare sozialetan eta webguneko artikulu honetan.

13:00 - Goizak eman duenaren bilana

Mobilizazioak biziki jendetsuak izan ez diren arren eta poliziak blokatze gehienak galarazi baditu ere, Baionan, Angelun, Bokalen eta Tarnosen trafikoan eragin nabarmenak izan dira goiz osoan zehar. 20 lagun atxilotu ditu gutienez poliziak, eta haren "bortizkeria" salatu dute manifestariek. Euskal Irratietako kazetariek kontsultaturiko iturrien arabera, manifestari bat zubi gorritik Aturri ibaira bultzatu du polizia batek 10:00ak aldean, ihesi ari zelarik. Ici Pays Basque kateak berriz pertsona erori dela eta polizia agente batek sokorritu duela aipatu du.

600 polizia agente mobilizatu ditu Pirinio Atlantikoetako prefekturak departamendu osoan; Ipar Euskal Herrian, momentu askotan manifestariak baina gehiago ziren, istiluen aurkako materialez armaturik. Negar gasa erabili dute behin baina gehiagotan, eta goizeko momentu ezberdinetan manifestariak inguratu dituzte, Giza Eskubideen Europar Auzitegiaren ebazpenen arabera legez kanpokoa den teknikaren bidez. "Trufak" eta "ehiza" sentsazioa aipatu dituzte manifestariek gure mikrofonoetan.


12:30 - Manifestaldia izanen da 14:00tan Herriko Etxean


Goizeko mobilizazioak lasaitu dira Baionan, eta 14:00etan Herriko Etxe aitzinean deitua den mobilizazioa izanen da heldu den hitzordua. Elgarretaratzea lehenagotik ere deitua bazen, goizeko atxiloketak salatzeko deialdia ere bilakatuko da. Arratsaldeko 18:00tan berriz, Asanblada deitu dute sindikatuek Lan Burtsan.

11:30 - Hogei atxilotu bederen Baionako mobilizazioetan

Euskal Hedabideetako kazetariek ikusi eta iturri ezberdinetatik bildu ditugun informazioen arabera, gutienez hogei lagun atxilotu ditu poliziak Baionan. Atxiloketa horietako asko nortasuna egiaztatzeko atxiloaldiak izan daitezke, nortasun agiririk ez duten manifestari guztiak komisaldegira eraman baitituzte. Iturri berdinek atxiloketen momentuan poliziaren bortizkeria salatu dute, hiriko puntu ezberdinetan "ehizan" ibili dela polizia, eta "trufak" ere jasan dituztela. Manifestari batekin mintzatzeko aukera izan du Xarlot Etxeberri Euskal Irratietako kazetariak.



10:30 - Bost atxilotu jadanik Baionan

Manifestariak Baionako puntu ezberdinetan blokatzeak egiten saiatzen ari dira, eta Saint Léondik erdigunean barrena Grenet zubi ingurura hurbildu dira. Bertan, poliziak berriz inguratu ditu mobilizatuak eta negar gasa erabili. Bi atxiloketa ere egin dituzte bertan, eta hiri erdian beste bat ere hartu dute atxilo poliziek. Orotara, atxiloketa izan dira goizeko 6:30etik.

Leire Casamajou Berriako kazetaria ari da manifestarien eta poliziaren arteko talkak jarraitzen.



09:30 - Salbaterra Bearnon eskuorri banaketa egiten ari dira

50 bat lagun mobilizatuak dira Salbaterra Bearnon, bidea arrunt blokeatu gabe baina eskuorri banaketa bat egiten, frantsesez, euskaraz eta okzitanieraz. Baionan bezala, asanblada eginen dute eguerdian Salbaterran ere.


Baionan, Leroy Merlin inguruan elkartuak zirenak Saint Léon biribilgunera hurbildu eta hura blokeatzen saiatu badira ere, bertan ere poliziak trafikoa trabatzea galarazi die.



08:00 - Poliziak blokatzea galarazten jarraitzen du Baionan

Goizeko 06:30ean blokatzea hasi eta hamar minutura desegin du poliziak Baionan, Leroy Merlin saltoki aitzinean, A63 autobideko 5. irteeran. Atxiloketak egin dituzte eta banderolak kendu, orain, bidea libre atxikitzen dabil polizia. Esteban Bastié Euskal Irratietako kazetariak ikusi duenez, mobilizaziotik lekutu nahi duten manifestariak banaka miatzen dabil polizia.

Biriatuko ordainlekuan, Ipar Euskal Herriko bertze ohiko blokatze puntu batean, normaltasun osoz dabil trafikoa eta ez da mobilizaziorik.



07:30 - Garraio publiko sarean eragozpen guti, baina erabiltzailerik ez

Hendaiako tren geltokian zerbitzua ematen ari da, eta 7:12ean Pariserako AHTa ohiko moduan atera dela ikusi du Euskal Irratietako kazetari batek. Alta, TER zerbitzua hunkitua da, CGT Cheminots sailean langileen %80 greban baita sindikatuaren arabera, zerbitzu batzuk autobusekin ordezkatu ditu SNCFek. Hendaiako tren geltokitik trenak abiatzen dira, baina bidaiari gutirekin, herritarrek joan-etorriak saihestu edo moldatzea aurreikusi baitute. Bertzalde, Baionatik Donibane Garazirako tren zerbitzua ere autobus batekin ordezkatu du SNCFek.


Bidaiaririk ez da Hendaiako tren geltokian gaur goizean. EUSKAL IRRATIAK


Txik Txak autobus sarean eragozpenik gabe funtzionatzen du zerbitzuak, baina berantak aurreikustekoak dira, errepideetako blokatzeen ondorioz.

07:00 - Bi manifestari atxilotu ditu poliziak Baionan, bidea desblokeatzeko saiakeran

Leroy Merlin saltoki kanpoko blokatzea desegin du poliziak sortu eta hamar bat minutura, eta horretan ari zirela bi manifestari atxilotu dituztela ikusi du bertan den Euskal Irratietako kazetariak. Poliziak blokatzea altxa badu ere, Baionako sartze-irteeran eta baita A63 autobidean ere trafikoan eragin handia du bertako jende pilaketak. ICI Pays Basque irrati kateak zabaldu duenez, Angeluko Dassault enpresaren aitzinean CGT sindikatuko 30 bat langilek piketea martxan dute, 24 oreneko greba bat deitua baitute bertan.

Berria egunkariko Leire Casamajouk lehen lerroan ikusi du goizeko 6:45 inguruan izandako atxiloketa.


06:30 - Baionako Leroy Merlin saltoki ingurua blokatzen hasi dira ehun bat lagun

Goizeko 6:00tarako hitzordua emana zen Dassault enpresaren aitzinean eta Leroy Merlin saltoki inguruan biltzeko, eta dozenaka manifestari bildu dira egunsentia baino lehen bigarrenean. Lehen errepide bat hetsi dute ehun bat lagunek eta poliziarekin lehen tentsio uneak bizitu dira bertan. Esteban Bastié Euskal Irratietako kazetaria han da.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu