Irailaren 10eko mobilizazioak Ipar Euskal Herrian ere iragarriak dira

Irailaren 10ean Frantzia osoan mobilizazioak iragarriak dira, eta 100.000 lagun inguruk parte hartzea espero da. Ipar Euskal Herrian ere hainbat ekintza aurreikusi dira, trafikoan eragina izan dezaketenak, bereziki Baionan eta inguruko errepideetan.

Irailaren 10eko mobilizazioak Ipar Euskal Herrian ere iragarriak dira
Ipar Euskal Herrian, mobilizazioak goizeko seietan hasiko dira. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2025/09/09 16:34

«Dena blokatu» mugimenduaren deialdiak Frantzia osoa paralizatzeko arriskua dakar asteazken honetan. Informazio zerbitzuen arabera, 100.000 lagun inguruk parte har dezakete, nahiz eta oraingoz mobilizazioaren hedadura zehazki neurtzea zaila den. Sare sozialetan zabaldu diren mezuetan jendea ez kontsumitzera edo eskudirua soilik erabiltzeko gomendioa egin da, eta errepideetan mezuak agertu dira azken egunetan.

Ipar Euskal Herrian, mobilizazioak goizeko seietan hasiko dira Bayonako “Leroy Merlin” biribilgunean eta Angelun Dassault enpresaren aitzinean; hamarrak aldera, Tarnosen jarraituko dute; eta arratsaldeko biaketan herri bilkura handi bat egingo da Baionako Askatasun plazan.

CGT-k grebara deitu du, bereziki osasun arloan, eta horrek eragina izan dezake ospitaleetan eta trenetan. CGT-ren osasun eta gizarte adarrak greba deialdi ofiziala egin du, eta Alda, EH Bai, Sud, Solidaires, Laborarien Konfederazioa eta ELB bezalako eragileek mugimendua babestu dute. Hala ere, TGV zerbitzuek normaltasunez ibiliko dira eta ez da etenik espero ez Txik Txak autobus sarean, ezta Biarritzeko aireportuan ere.

Prefeturak mugimendua gertutik zainduko duela iragarri du, herritarrei aurrez planifikatzeko, erdiguneak saihesteko eta indar publikoen jarraibideak errespetatzeko gomendatuz. Gainera, trafikoa arintzeko bide desbideratzeak ezarri ahal izango dira, eta litekeena da mobilizazioak hurrengo egunetan eta asteetan ere segitzea.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu