Iratxe Sorzabalen aurkako laugarren euroagindua ontzat eman du Parisek, torturak alde batera utzita

Orain arteko hiru euroaginduekin ez bezala, aldi honetakoa, joan den maiatzean Espainiako auzitegiak Iratxe Sorzabalek jasan zituen torturak onartu eta gero heldu da.

Iratxe Sorzabalen aurkako laugarren euroagindua ontzat eman du Parisek, torturak alde batera utzita
Iratxe Sarzabalekin elkartasun elkarretaratzea egin zuten Irunen joan den azaroaren 17an. ANTXETA IRRATIA
Antxeta Irratia
2025/12/04 09:02

Urriaren 29an Parisen izandako auzian, Madrilek eskatutako laugarren euroagindua aztertu zuten, eta audientzian zehar preso irundarrari dagokion tortura auziaren gainean Luxenburgoko Gorteak finkaturiko irizpidea mahai gainean eman zuen Xantiana Cachenaut abokatuak. Istanbuleko Protokoloaren arabera Sorzabali eginiko bi txosten ere aurkeztu zituen. Cachenautek defendatu zuenez, txosten horiek «Iratxe Sorzabalek tortura pairatu zuenaren aukera oso altutzat jo baitzuten». Beste hiru euroaginduak ez bezala, aldi honetakoa, joan den maiatzean Espainiako auzitegiak Iratxe Sorzabalek jasan zituen torturak onartu eta gero heldu baitzen. 

Auzitegi Nazionalak joan den maiatzean ebatzi zuen 2001ean Guardia Zibilak elektrodoak jarri eta torturatu zuela Iratxe Sorzabal. Eta euskal preso irundarra absolbitu eta torturak frogatutzat jo dituenez, epai hau «historikotzat» jo zuten orduan Egiari Zor Fundazioak eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak, sistema judizialeko hutsuneak ere agerian utzita. 

1995ean Irunen lehergailu bat jarrita egindako atentatu bat egotzita, Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal irundarra absolbitu egin zuen, bere burua autoinkulpatu zezan Guardia Zibilak elektrodoak jarri eta torturatu zuela aitortuta.

Honi lotuta, epaileek eta fiskalek ofizioz jardun ez izana «eskandalutzat» jotzen du Giza Eskubideen Behatokiak. Eta kasu honek «tortura autoinkulpazioetan oinarritutako zigorrak ezartzeko estatu tresna sistematikoa» izan dela agerian uzten duela ulertuta, eta «torturatzaileak nortzuk izan ziren argitzeko» Iratxe laguntzea erabaki zuen joan den azaroan. Eta 2001ean «ia ikerketarik gabe artxibatu zen kasua» Auzitegi Nazionaleko 13. epaitegian berriro irekitzea eskatu du

Hala ere, espainiar Auzitegi Nazionalak deuseztaturiko prozedurak eta tortura salaketek ez dute aparteko eraginik ukan joan den urriko Pariseko auzian. Izan ere, "bi estatuen arteko konfiantza" aldarrikatuz elementu horiek aski direla iradoki zuen euroaginduaren alde egin zuen abokatu nagusiak.

Bistan denez, Pariseko auzitegiak iritzi horrekin bat egin du, eta abenduaren 3an erantzun baikorra eman dio Madrilgo agintariek eginiko galderari. Hala ere, Sorzabalen abokatuak erabakia baizik ez du jaso mementoz, eta Mediabask-en aurreratu duenez, bihar behin ebazpena eskuratuko duenean, Kasazio Gortean helegitea aurkezteko aukerak aztertuko ditu.

Joan den azaroaren 17an, ehun lagun inguruk elkartasuna adierazi zioten Iratxe Sorzabal euskal presoari bere jaioterrian, Moskuko Peña kaleko eskaileretan egindako elkartasunezko argazkian.  “Iratxe guk ere sinisten dizugu” mezua zuten pankartarekin, tortura salaketen auzia berriz ireki dadila eskatuz. 

Interesgarri izanen zaizu