Orio (Hego EH)

IRUDITAN — Oriok Benito Lertxundi omendu du Balearen Egunaren kari

Benito Lertxundiren kantuek eta balearen historiak bat egin dute Orion, 125 urteko oroitzapenaren inguruan antolatutako ospakizun berezian.

IRUDITAN — Oriok Benito Lertxundi omendu du Balearen Egunaren kari
Benito Lertxundiri eskainitako herri omenaldia. EUSKAL IRRATIAK
Mattin Lerissa
2026/05/18 12:55

Oriok asteburu honetan bizi izan du aurtengo Balearen Eguneko momenturik hunkigarriena: Benito Lertxundiri eskainitako herri omenaldia. Karela kiroldegian egin den kontzertu bereziak 1.100 ikusle bildu ditu, eta Orioko Bardoa deitu izan den kantariari aitortza beroa eman dio herriak, haren ibilbide artistikoa eta herriaren memoria kolektiboan duen lekua goraipatuz.
Gaualdiko sarhitza Pako Aristik du eman. EUSKAL IRRATIAK

125 urte azken bale ehizatik

Aurtengo Balearen Egunak oihartzun berezia izan du Orion. Maiatzaren 14an bete dira 125 urte herrian euskal kostaldeko azken balea harrapatu zutenetik. 1901eko bale ehiza hura oriotarren iruditerian hitzatua gelditu da, eta bost urtetik behin oroitzapen hori berritzen du herriak Balearen Egunaren bidez.
Et Incarnatus orkestra sinfonikoak parte hartu du Migel Zeberioren zuzendaritzapean. EUSKAL IRRATIAK

Apiril hondarrean abiatu zuten ospakizun egitaraua, eta hiru astez ekitaldi franko antolatu dituzte. Hala ere, aurtengo programaren mugarri nagusia Benito Lertxundiren omenez prestatutako kontzertua izan da.

Herriaren sinbolo bilakatu den kantaria

Benito Lertxundik 2024an utzi zituen oholtzak, eta ordutik hainbat aitortza jaso ditu. Orioko herriak omenaldi xume bat egin zion lehenago, baina igandekoa izan da herri osoaren aitortza handia. Ez da kasualitatea omenaldia Balearen Egunaren baitan antolatzea: baleak bezala, Benitoren kantuek ere toki berezia dute oriotarren memorian.
150 artista igan dira oholtzara: 50 musikari eta 90 haur eta gazte. EUSKAL IRRATIAK

Sei hamarkadetan zehar, kantariak euskal kostaldeko bizi moldea, hizkera eta sentiberatasuna musikaren bidez islatu ditu. Horregatik, anitzek diote Benito Lertxundi bera herriaren botza bihurtu dela.

Gainera, 2026 urtea aitortza urtea izanen da kantariarentzat, Donostiako Orfeoiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen sariak ere jasoko baititu uda honetan.

150 artista taula gainean

Omenaldirako prestatu duten ikuskizunak dimentsio handia hartu du. Et Incarnatus orkestra sinfonikoak parte hartu du Migel Zeberioren zuzendaritzapean, eta orotara 150 artista igan dira oholtzara: 50 musikari eta 90 haur eta gazte.

Lau abesbatzek hartu dute parte proiektuan: Garazi Baigorriko Iparralai koroak, Donostiako Easo ttiki abesbatzak, Tolosako LASK abesbatzak eta Orioko Danbolin musika eta dantza eskolak. Belaunaldi eta lurralde ezberdinetako ahotsak elkartu dituzte horrela Benito Lertxundiren kantutegia berrinterpretatzeko.
Lau abesbatzek hartu dute parte proiektuan: Garazi Baigorriko Iparralai koroak, Donostiako Easo ttiki abesbatzak, Tolosako LASK abesbatzak eta Orioko Danbolin musika eta dantza eskolak. EUSKAL IRRATIAK

Bi oren baino gehiagoko emanaldian 16 kantu eskaini dituzte, moldaketa sinfoniko berriekin. Josean San Miguelek egokitu ditu piezak haur korurako eta orkestrarako. Migel Zeberiok azaldu duenez, helburua “betiko Benito” beste molde batean entzunaraztea izan da, instrumentazio berriek sakontasun eta kolore bereziak emanez.

Hunkidura eta oroimena Karela kiroldegian

Kontzerturako sarrera guziak egun batzuk lehenago agortu ziren, eta igande gauean ikusmina handia zen herrian. Emanaldiaren lehen partean kontzertua eskaini ondoren, omenaldi ofiziala egin zioten Benito Lertxundiri, kantaria bera taula gainean zela.
Emanaldiaren lehen partean kontzertua eskaini ondoren, omenaldi ofiziala egin zioten Benito Lertxundiri. EUSKAL IRRATIAK

Momentu hunkigarriak bizi izan ziren publikoaren txalo artean. Belaunaldi ezberdinek bat egin zuten Benitoren kantuekin, eta anitzentzat omenaldia herriaren memoria partekatuaren ospakizuna izan zen.

Balearen Eguna 2001ean ospatu zen lehen aldikotz, azken bale harrapaketaren mendeurrena kari. Orduan ere Benito Lertxundi protagonista izan zen, “Ameriketatik” izeneko txalupan gitarrarekin agertu baitzen. Hogeita bost urte geroago, Oriok berriz ere bere Bardoa omendu du, haren kantuek herriaren bihotzean duten tokia azpimarratuz.

Kontzertua bururatzean kantu irakasleak oholtzaratu dira publikoaren txaloen artean. EUSKAL IRRATIAK

Interesgarri izanen zaizu