Biltzar nagusia zuten abendu hondarrean, eta mahastizainen ordainsaria gehiago lanaren gainean oinarritzea erabaki dute, aldaketa klimatikoari buru egiteko gisan. Horrez gain, kooperatibak lehendakari berria du: Mattin Etcheverria baigorriarra.
Baigorriko Lesparze auzoan plantatua da Mattin Etcheverria, 2020tik geroz. Sor marka etxaldean atzeman zuen erretretara abian zen mahastizain baten segida hartzeko parada, eta lau hektareekin abiatu zen. Plantatu orduko, sotoarekin lanean hasi zen, eta hastapen batean bere aldetik mahatsaren arnotzeko xedea baldin bazuen, azkenean sotoan segitzeko erabakia hartu zuen.
Administrazio kontseiluan sartu ondotik eta komisio desberdinetan parte hartuz, Mattinek talde lanerako gustua hartu du eta logikoki hartu du kooperatibaren lehendakaritza: "kontseiluan sartu naizelarik ikusi ditut beste mahastizain batzuk, ni baino zaharragoak ere, 30 urte pasaturik kontseiluan. Beraz horien ildotik logikoa iruditzen zait orain guri dela gazteei errola horien hartzea eta denboraren ematea sotoarentzat".
Urtarrila honetan du ofizialki kooperatibaren lehendakaritza hartu Mattin Etcheverriak. IRULEGIKO IRRATIA
Osasun onean den egitura
Pasa den abendu hondarrean egin zuten kooperatibaren biltzar nagusia, eta Mattin Etcheverriaren arabera, "erraten ahal dugu xifreen aldetik, sotoan egoera sanoa dela". Oroitarazten du arnogintzan testuingurua konplikatua dela toki anitzetan, Bordelen edo Madiranen adibidez, baina Irulegiko arnoa oraindik babestua dira.
27 kooperatzaile dira gaur egun sotoan, 120 hektarea mahastirekin guti gora behera. Azken hiru urteetan, 400 tona mahats inguru ekoiztu dituzte. Sor-markari begira, ekoizleen erdia dira sotoko kooperatzaileak.
Mahastizainen ordainsaria nola hobetu?
Bazuen urte bat eta erdi mahastizainen ordainsariari buruz gogoetan ari zirela kooperatibako kideak. Orain arte, ordainsariaren %60a mahatsaren ekoizpenaren arabera kalkulatuan zen, eta gainerateko % 40a, lan zamaren arabera. Baina aldaketa klimatikoarekin, aro aldakorrak eta gertakari desberdinek eragin handia dute produkzioan eta erregulartasuna galtzen da. Urte ona egiten ahal da eta ondokoa biziki txarra. Kalkulatzeko sistema berriaren helburua da preseski ordainsarien orekatzea urtez urte. Lana gehiago kondutan hartuko dute, eta mahats ekoizpena gutiago.
Nola egiten diren kalkuluak xuxen ez du zehaztu Mattin Etcheverriak, "aski konplikatua" baita eta urte bat eta erdiko lana baita horren gibelean. Sinplifikatuz, badakite mahats barietate bakotxak zer lan zama galdegiten duen, horren arabera puntuak ematen dituzte eta puntuek balore bat badute.
Mattin Etcheverriak gure mikroan erran nahi izan du ez dela sistema hori ekoizle bakar batendako pentsatua izan, beti talde lana izan dela eta konpromiso batzuen ondorioa dela. Desmartxa horren aberastasuna azpimarratzen du: "denek behar dugu aitzinatu elkarrekin".
Ondoko hilabeteetako lanak
Sistema berri hori plantan ezarririk, orain beste lan ardatz batzuk dituzte gogoan, adibidez mahastizainen ekoizpenaren indartzeko eta segurtatzeko. Horrendako, ondoko urteendako teknikari bat kontratatuko du sotoak, etxaldez etxalde ibiltzeko.