Baionako Herriko Etxeko kontseiluan bestetan iragandako Palestinaren aldeko bi ekintza salatu zituzten alderdi guzietako hautetsiek. Antisionismoa eta antisemitismoaren arteko amalgama larria salatu du Baiona Palestinarekin kolektiboak.
Baionako Herriko Etxeko azken kontseiluan, Henri Etxeko hautetsi sozialistak eramanik, alderdi guzietako hautetsiek batera Baionako bestetan iragandako Palestinaren aldeko bi ekintza salatu zituzten; Jean René Etxegarai auzapezarekin hasirik, Jean Claude Iriart EH Baiko hautetsia arte.
Ekintza horien jatorrian Gazte Koordinadora Sozialista aipatu bazuten ere, funtsean, Sionismoaren eta inperialismoaren aurrean erresistentzia aurrera banderola eta Kontseilu Sozialistaren txosna gorrian deitutako sustengu argazkia, Israel Suntsitu lemapean, Baiona Palestinarekin kolektiboaren ekintzak ziren.
Israel desegitera deitzea leporatu zieten hautetsiek. Horri begira, kolektiboak mantendu du estatuaren desegitea palestinarren askatasunarendako aterabide bakarra zela. Izan ere, haien ikuspundutik, bere sorkuntzatik estatu zapaltzaile eta kolonialista da Israel, eta portaera hori ez da agertu azken gobernuarekin.
Horrez gain, Herriko Etxeko kontseiluan aipatua izan zen antisionismoa eta antisemitismoaren arteko lotura gogorki salatu dute militanteek. Amalgama larritzat jo dute errana, antisionismoa, hots Israelgo estatuaren kontra izaitea, eta juduen kontrako erra, ezin baitira nahasi.
Bestalde, haien arabera, adierazpen horiek Palestinaren aldeko edozein sustenguren kriminalizatzeko aitzakia da, alderdien "aparantziazko sustenguari" erantzuten duen dinamikapean.