Hendaia (Lapurdi)

Itsas Ospitaleak bi eguneko ospitale berri irekiko ditu Hendaian

Hendaiko Itsas Ospitaleak bi eguneko ospitale berri irekiko ditu maiatzean: bata obesitatea eta gehiegizko pisua duten pertsonentzat, eta bestea 70 urtetik gorakoentzat.

Itsas Ospitaleak bi eguneko ospitale berri irekiko ditu Hendaian
Bi zerbitzu berri horiek gehituko zaizkie jadanik martxan diren beste eguneko ospitaleko eskaintzei. AP-HP
Esteban Bastié Aguerre
2026/05/08 06:00

Hendaian, Itsas Ospitaleak bi eguneko ospitale berri irekiko ditu laster maiatza honetan, gaur egun dagoen osasun eskaintza indartzeko helburuarekin.

Zerbitzu berrietako bat UBN “Unité Basque Nutrition” edo Euskal Nutrizio Unitatea izango da, gehiegizko pisua edo obesitatea duten pertsonentzat. Nutrizioa, jarduera fisikoa eta laguntza psikologikoa uztartuko dituen programa pertsonalizatua eskainiko dute. Claire Berriot zuzendariordeak azaldu duenez, “helburua ez da soilik pisua galtzea, baizik eta pertsonaren osasun orokorra hobetzea”.
Bigarren zerbitzua “Ariketan” izeneko unitatea izango da, 70 urtetik gorako pertsonentzat pentsatua. Helburua izango da adinekoen autonomia mantentzea eta etxean segurtasunez bizitzen laguntzea, arreta mediko eta fisiko espezializatuaren bidez. Berrioten arabera, “helburu nagusia etxean bizitzen jarraitzea da, autonomia indartuz eta errehabilitazioko profesionalen ezagutza guztia baliatuz”.

Bi zerbitzu berri horiek gehituko zaizkie jadanik martxan diren beste eskaintzei: neurologiako eguneko ospitalea, kirol medikuntzako kontsultak, kirolarien kommozioentzako RESCO unitatea edo erradiologia eta ekografia zerbitzuak, besteak beste. Claire Berriot zuzendariordeak azpimarratu duenez, helburu bikoitza bada: “ batetik, dagoeneko ditugun ezagutzak eta espezializazioak herritarren zerbitzura jartzea; bestetik, lurraldeko beste osasun-eragileekin osagarritasunean aritzea, pazienteen ibilbideak arinduz”.
Doctolib plataformaren bidez hitzorduak eskatzen ahalko dira.

Interesgarri izanen zaizu