Itsasu (Ipar EH)

Itsasuko gereziaren sormarkaren proiektua aitzina doa

2023ko urte bukaeran, Xapata elkarteak ofizialki sor-marka baten sortzeko galdea egin zuen. Hemendik bizpahiru urtetara, nahiko lukete bururatu lan hori.

Itsasuko gereziaren sormarkaren proiektua aitzina doa
Itsasuko gerezi mota bat: beltxa. XAPATA ELKARTEA
Antton Castoreo
2025/12/04 08:00

Zertan da Itsasuko gereziaren sor-marka? Badu bi urte orain prozesua abiatu zutela Xapata elkarteko eramaileek, eta luzea baldin bada oraindik bidea, aitzina doa proiektua.


INAOrekin elkarlanean


2023ko urtearen bukaeran, Xapata elkarteak sor-marka baten sortzeko galdea ofizialki pausatu zuen INAOren bulego gainean. INAO da Frantzia mailan sor-marketaz arduratzen den egitura. Hark du prozedura martxan ezartzen, eta etapa desberdinak aitzinarazten.


Xapata elkartearen presidentea den Maryse Cachenaut-k gure mikroan oroitarazi du proiektu horren helburua zela tokiko gerezien balorizazioa mantentzea eta hobetzea, baina batez ere hemengo moten babestea. Horien artean ezagunenak dira peloa, xapata eta beltxa izeneko motak.

Iaz, INAOk izendatu zuen inkesta komisio batek bisitatu zituen Xapata elkarteko gerezi ekoizleak. Komisio horren barne ziren Frantziako beste sor-marka batzuetako ordezkariak. Ideia zen proiektuaren koherentzia eta balioa neurtzea, trukaketa fase bat abiatuz. Lehen fasea ongi iragan da Xapatarendako.

Ondoko hilabeteetan, 2026an, INAOk beste komisio bat izendatuko du, aditu komisio bat. Lan bera eginen du talde berrik horrek, hemengo gerezi ekoizleekin trukatzeko eta proiektua finkatzeko. Prozesu normala segitzen du beraz Itsasuko gereziak.


Nahiz eta Maryse Cachenaut-k argiki erran duen zaila dela zehazki data baten ematea, azpimarratu du hemendik bizpahiru urtetara nahiko luketela sor-marka ofizialki sortu.
Maryse Cachenaut itsasuarra da Xapata elkartearen lehendakaria. IRULEGIKO IRRATIA


Aitzinatua den araudia


2023an INAOri galdea egin baino lehen, Xapatkoek lan handia egina zuten araudiaren marrazteko. Nahiz eta ez den osoki borobildua, erran behar da ongi aitzinatua dela.

Lapurdiko eta Baxe Nafarroako 66 herri sartuko ditaizke biharko sor-markan. Perimetroaren definitzeko, bi metodo nagusi baliatu dituzte. Lehenik, artxiboak miatu dituzte eta gereziondoen aipamenak dituzten herriak zerrendatu. Horrez gain, 2020an bi ikasle ibili ziren herriz gereziondo zaharren atxemateko.

Araudiaren arabera, tokiko gerezi motak baliatu beharko dira. Biltzeko edo metatzeko baldintzak ere finkatu dituzte, ahantzi gabe gereziondoen entretenitzeko arauak. Ongailu kimikoak debekatuak izanen dira.


Itsasuko gerezien ekoizpena eta proiektua azkartzeko, gerezi ondoak ladantu


Neguan gara eta gereziondo berrien landatzeko momentu ona da. Urtero bezala, Xapata elkarteak saltzen ditu ondoak, ekoizpena bultzatzeko. Harremanetan sartu behar da elkartearekin (contact@cerise-itxassou.com) abenduaren 20a gabe, data horretan banatuko baitituzte.


Hona prezioak:

  • 10 gereziondo baino guttiagorendako: 27€ ondoa;

  • 10 eta 29 gereziondo artean: 22€ ondoa;

  • 30 gereziondo baino gehiago: 20€ ondoa.

Interesgarri izanen zaizu