Baigorri ()

Izpegiko bestak ostiral eta ebiakoitz honetan iraganen dira

Laugarren aldikoz ospatuko dituzte bestak Izpegiko lepoan. Mugaz bi aldeetako gazteek zuten asmatu hitzordu hau, preseski herri baten batasuna erakusteko. Aurten azpimarratu dute testuinguru berezia zela eta faxismoaren gorakadari buru egin.

Izpegiko bestak ostiral eta ebiakoitz honetan iraganen dira
Besten antolatzaileak Izpegiko Lepoan. IRULEGIKO IRRATIA
Antton Castoreo
2026/09/18 09:00

Baztandar eta Baigorriar gazteak berriz ere juntatu dira Izpegiko besten antolatzeko buruila honetan. Argi utzi dute mugaren kontrako besta antolatu nahi dutela berriz ere, herri baten batasuna erakusteko gisan.


Laugarren edizioa izanen da aurtengoa, eta beti hari beretik antolatu dituzte aurtengo Izpegiko bestak: besta politiko bat. Mugaren kontrako besta, eta batez ere testuinguru berezian egiten den besta: faxismoaren gorakada. Gure mikroan, antolatzaileak diren Xalbatek eta Lihernik azpimarratu dute gorakada hori mugaren bi aldetan sendi zela: izan Canon français ekitaldiarekin Iparraldean adibidez, edo Leitzako gaztetxean izan diren pintada faxistekin hegoaldean. Faxisten ausardiari buruz mintzatu da Liherni: "beti egon dira, baina orain ematen du lotsarik gabe ari direla".


Harremanen sendotzeko besta


Lehen edizioa antolatu zutelarik Basaizea elkarteko gazteek eta Baztango Gazte Asanbladakoek, helburu nagusienetariko bat zuten mugaren bi aldeko gazteen arteko harremanen indartzea. Betidanik izan baldin badira trukaketak, iduritzen zakoten ttipituz joaten zirela.


Lau urte berantago, logikoa iduritu zakote antolatzaileei gure galderei erantzutea bi bozetan, baño Baztangoa, bestea Baigorri aldekoa. Basaizea elkarteko Xalbatek erran dauku ere entseatzen zirela urtean zehar ere biltzen, preseski harremanen atxikitzeko. Bertsoa izan da azken aldietan atxeman duten estakurua elkar ikusteko.


Harreman horien sendotzeko, Izpegiko bestak hitzordu polita direla dio ere Koxe Daguerre Gaineko Bentako nagusiak. Urtean zehar ikusten ditu pasatzen mugaren bi aldeetako jendeak eta uste du eskas direla pixka bat trukaketa horiek. Haren erranetan, besta horrek badu zentzu: "iduritzen zaut gauza biziki ederra dela, hola jendea ezagutzen dute alderdi batekoa eta beste alderdikoa".


Programa aberatsa


Ostiral honetan hasiko da besta, eta bi egunez iraunen du. Bertso saio musikatua izanen da: Haira Aizpurua, Malen Alzuart eta Alazne Untxalorekin. Ebiakoitzean egun osoko programa antolatu dute: mendi martxa, bazkaria, ekitaldia, poteoa edota kontzertuak: Odei, Skaregasko eta DJ Uzkuluz. Jakin ere autobusak antolatu dituztela Izpegira igaiteko. Programa osoa eta autobusen tenoreak atxemanen dituzue Basaizearen sare sozialetan.

Interesgarri izanen zaizu