Hazparne (Lapurdi)

Jordan Bardella irudikatzen zuen Zanpantzarraren antolatzaileak ikertuko ditu prokuradoreak

Otsailaren 7an Hazparneko ihauterietan Jordan Bardella RN Batasun Nazionaleko buruzagia izan zen Zanpantzarra. Eskuin muturreko alderdiko kide batzuek bideo bat zabaldu zuten, eta Baionako prokuradoreak ikerketa abiatu du.

Jordan Bardella irudikatzen zuen Zanpantzarraren antolatzaileak ikertuko ditu prokuradoreak
Hazparneko Zanpantzarra, Jordan Bardellaren itxurarekin, epaitua eta errea izan aitzin. SAREKO BIDEO BATEN PANTAILA-ARGAZKIA
Aimar Lopez Erasun
2026/02/13 11:34

Autoritate publikoa duen pertsona bat iraintzea, haren iritzi politikoengatik pertsona batekiko bortizkeria publikoki sustatzea eta hautetsi baten aurka krimen edo delitu bat egitea mehatxatzeagatik, ikerketa ireki zuen atzo Baionako parketak. Mariel Garrigos prokuradoreak ohar bat igorri du gaur, Pirinio Atlantikoetako prefekturak gaia ikertzeko galdegin ziola azalduz, prozedura penaleko kodearen 40. artikuluan oinarrituz. Artikulu horrek zehazten du autoritate publiko batek delitu baten indizioen berri izanez gero salatzeko beharra duela.

Iragan larunbatean, otsailaren 7an ospatu zuten ihauteria Hazparnen, ohiko dantzari, musikari, zigante eta abarren desfile eta ikusgarriekin, eta nola ez, Zanpantzarren auziarekin. Aurten, Jordan Bardella RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiko buruzagia hautatu zuten txar guztien sinbolo gisa, ohiturak agintzen duen moduan.

Bada, auzia bukaturik Zanpantzar sutan zeneko bideo bat aste hastapenean sare sozialen bidez hedatzen hasi zen, RN alderdiko ordezkari batzuen eskuetara iritsi baitzen. Batek baina gehiagok salatu zuten ihauteriaren gibelean "ezker muturra", "gorrotoa" eta "ezker islamista" kukutzen direla. Edonola ere, atzo arte ez zen salaketa judizialik izan, harik eta prefekturak salaketa jarri duen arte. Ikerketa Baionako jendarmeriako ikerketa brigadaren eskuetan utzi du Baionako prokuradoreak.

Interesgarri izanen zaizu