Baionako justizia langileek baliabide eskasia eta lan baldintza kaskarrak salatu dituzte elkarretaratzean. Bestalde, Lyhanna aferaren inguruko adierazpen politikoak gaitzetsi dituzte eta justiziari giza eta diru baliabide gehiago eskatzen dituzte.
Baionako abokatuek eta auzitegiko langileek justiziak bizi duen baliabide eskasia salatu dute astelehen honetan Baionako auzitegiaren aitzinean egin elkarretaratzean. Aldi berean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Justizia ministroak Lyhanna haurraren hilketaren aferaren harira egin adierazpenak gaitzetsi dituzte. Haien ustez, afera honetan, Frantziako gobernuak epaileen erantzukizun falta azpimarratu du, gertatutakoa justiziaren baliabide eskasiarekin lotu ordez, eta horrek justiziaren sinesgarritasuna kaltetzen duela azpimarratu dute.
Justiziako eragileek egoera kritikoa dela diote: auzi gero eta gehiago dituzte, baina langile eta baliabide eskasak. Frantzian, mila euroko zergen artean, bost euro bakarrik dira justiziara bideratzen, gainerateko alorrek baino askoz gutxiago, jakinez 561 euro joaten direla gizarte segurantzan, 88 euro joaten direla edukazioan edota 25 euro segurtasunean.
Baionako abokatuek ere elkarretaratzearekin bat egin dute. Alain Larrea abokatuen elkarte buruaren arabera, justizia gero eta gehiago kudeatzen da kontabilitate irizpideen arabera. 
Bestalde, justiziako profesionalek diote egoera kritikoa dela: auziak etengabe emendatzen ari dira, baina langile eta baliabideak gero eta gutxiago dira. Florence Bouvier Baionako auzitegiko presidentearen arabera, ezin dute auzi kopurua etengabe handitu ezta epaileen lan denborak luzatzen segitu ere, horrek haien osasuna arriskuan ezartzen duelako.
Ondorioz, justiziako langileen erranetan, gero eta zailagoa da haurren babesari eta indarkeriari loturiko auziak behar bezala tratatzea. Horregatik, Frantziako estatuari giza eta diru baliabide gehiago ematea galdegiten diote.