Hendaia (Lapurdi)

Justiziaren bisaia prekario eta bortitzena ageri da Hendaiako justizia eraikin erantsi berrian

Tentsioa nabarmendu da Hendaian ireki duten Baionako epaitegiaren hegal berrian, bigarren audientzia egunean. Abokatuek bideodei bidezko justizia salatzen dute eta eraikina ez erabiltzea nahi dute.

Justiziaren bisaia prekario eta bortitzena ageri da Hendaiako justizia eraikin erantsi berrian
Uztailaren lehenean ireki zuten Hendaiako justizia eraikin erantsia. 1.3 milioi euroko kostua izan du. ANTXETA IRRATIA
Aimar Lopez Erasun
2026/07/03 12:09

Hendaiako atxikitze zentroan preso diren bi erbesteratu epaitu dituzte gaur Baionako auzitegian, baina Hendaiako eraikin berrian ziren haiek. Baionan aldiz epailea, prefekturaren ordezkaria eta itzultzailea, lehen epaitua ez baita frantsesez mintzo. Abokatuek hautu zaila egin behar dute eraikin honen irekierarekin: bezeroaren ondoan izan, harekin behar bezala komunikatzeko, edo epailearen aitzinean, ongi argudiatzeko.

10:30ak pasata hasi da epaiketa, baina oren erdi labur baten ondotik, eperik gabe bertan behera utzi du epaileak, haserre. Defentsak prozedurako hainbat eskaera egin ditu epaitegi berria dela-eta: bideodeiaren komunikazio zailtasunak, eta epaiketa molde honen beharra ez dela justifikatua. Baita hainbat zailtasun tekniko ere: abokatuentzat lan espaziorik eza, wifirik eza… Kasazio auzitegiak horiek guztiak ukatzen dituela azaldu du defentsak. Epaitua askatzeko, prozedura bertan behera uzteko eta epaiketa Baionan egiteko eskatu du, prozedura eskaerekin bukatuz. Baionan epailearen ondoan zen prefekturaren ordezkariak horiek guztiak ez kontuan hartzeko eskatu dio epaileari, eta zin eman gabe, arazo praktikoak konpontzeko modurik badela erran. Defentsak, bere aldetik, epaitua askatzeko eskatu du prozedura zailtasun horiek azpimarratu ondoren, baita epaiketa Baionako auzitegian bertan egiteko ere.

Bortitz aritu da epailea abokatuen aurka, eraikin berriaren funtzionamendua zalantzan emateagatik. Eta prozedurako kontuak alde batera utzirik, bost minutu eskas iraun du eguneko epaiketaren funtsak. Herritar aljeriarra kanporatu nahi du prefekturak, baina ohikoa denez, Aljeriako zerbitzu diplomatikoek ez dute behar den papera ematen. Prefekturak atxiloaldia hilabetez luzatzea nahi du; defentsak dio ez dela ezer aldatuko 30 egunean. Epaituak ez du hitza hartu, eta hala, deliberatzera erretiratu da epailea, "arratsaldera arte". Ez dio bigarren epaituaren aferari heldu, eta bi presoak haien ziegatara eraman ditu poliziak.

Baionan ez izatearen mugak, agerian

Epaiketa eperik gabe bertan behera utzirik, nahasmena nagusitu da abokatuen artean. Baionan edo bertze edozein epaitegitan, halako kasuetan haien bulegoetara itzultzen dira, eta epaitegiko langile bat joaten da haien bila epailea prest delarik. Alta, Hendaiako eraikinean ez da justizia ministerioko langilerik, poliziak bertzerik ez, eta epaiketa bertan behera uztearekin eraikina ixten dute. Hortaz, abokatuek ez dute itxaroteko lekurik, eta zalantza sortu zaie epaiketa berriz hastera doanean nork abisatuko ote dien. Gainera, eraikinak hemeretzi pertsonako harrera muga duela azaldu digu polizia agente batek. Gaur, epaiketa publikoa ikustera sartu nahi zuten hiru lagun kanpoan gelditu dira, jadanik hogeita bat pertsona baitziren barruan.

Eraikuntzaren 1.3 milioi euroko inbertsioa justifikatzeko, Paueko auzitegiak epaitegietara joan-etorrietan ezartzen diren polizia baliabideak aurrezteko beharra aipatu du. Haatik, gaur, hamaika polizia agente zenbatu ditugu bertan, eraikina Hendaiako komisariaren eta atxikitze zentroaren eremu hesitu berean izanik ere.

Abokatuek banku bakar bat dute Hendaiako epaitegi erantsi berrian lan egiteko. ANTXETA IRRATIA

Ororen buru, "erridikulua" eta "eskandalua" da gaur auzitegian bizitakoa Ilazki Ortego abokatuaren arabera. Ikusteke dago arratsaldean epaiketa berriz abiatzean zer jarrerarekin itzuliko den epailea, eta asteazkenean eta gaur egin dituzten erreklamazio formal ezberdinek zer erantzun jasoko duten.

Anartean, mobilizatzeko deia egin dute hainbat abokatu eta erakundek biharko. 11:00etan bilduko dira, komisaldegi eta epaitegi erantsiaren aitzinean, berau salatzeko.

Interesgarri izanen zaizu