Oztibarreko eguna agorrilaren 15ean iraganen da, Jutsin. Oztibarreko biziaren omentzeko eguna izanen da, laborantza, artisautza, artea eta kultura uztartuz.
Duela sei urte sortu zen Oztibarreko eguna elkartea, bi lagunen eskutik. Proiektuaren helburua Oztibarreko ibarra argitan ezartzea izan da hastapenetik, izan lekuko ekoizleak, izan artisauak, ohorean ezarriz. Aurten agorrilaren 15ean ospatuko da Oztibarreko eguna. Bi urte guziz herriz aldatzen da, eta aldi huntan Jutsin izanen da.
Egitaraua
Antolatzaileek egitarau aberatsa osatu dute egunarentzat. Goizean Oztibarreko ikastolak eta eskola publikoak antolatutako askaria izanen da, parrokiak proposatzen duen mezak segiturik. 9:00etako kabala ferian ardiak, behiak, zaldiak eta xerriak ikusten ahalko dira, eta ber momentuan eta tokiko ekoizleen merkatua izanen da. 10:00etan, Peio Otar eta Jokin Fagaburu, Benjamin Gaxin eta Aitor Erdozaintzi Etxarten kontra lehiatuko dira pilotan; ondotik Bunuztar Xoriek eta Pagolako dantzariek beren ikusgarriak emanen dituzte. Goiz osoan zehar erakusketak ere izanen dira, Oztibarreko artista desberdinen obrekin eta ikastolako eta eskola publikoko haurren Zer da xuretzat Oztibarre? gaiaren inguruko marrazkiekin.
Eguerdi heltzean, Los Piquillos taldeak aperitifa alaituko du. Bazkaria tokiko mozkinekin egina izanen da, eta goizetik lekuak hartzea kontseilatu du Argi Erdozaintzi Etxart antolatzaileak. Besteentzat taloak eta edaria ere izanen dira.
Arratsaldean, artzain xakur txapelketa iraganen da 17:00etatik goiti, eta ondotik kontzertuak: Urtz eta DJ Infernu.
Ondoko edizioarentzat lekua ez da oraino erabakia, baina jakinez gaineko eta peko herriak aldizkatzen dituztela, Ibarla, Bunuze edo Hoztaren artean jokatuko ditaike.