Asteazken honetan, urriaren 15ean, Biziko hogei bat ekintzailek irmoki salatu dute Christian Devèze Kanboko auzapezaren “klimaren arloko sei urteko geldialdia”, herriko etxearen aitzinaldea afixez estaliz.
Bizi! elkarte ekologistak ekintza sinboliko bat burutu du goiz honetan Kanboko Herriko Etxearen aitzinean, Devèze auzapezaren inakzio klimatikoa salatzeko. Kanboko herriak bere garaian Itun Ekologikoan izena eman zuen arren, mandatuaren amaieran emaitzarik txarrenak jaso ditu Bizik egindako azken ebaluazioan.
Bi lege urraketa nagusi
Inakzioaz gain, elkarteak hiru urraketa nagusi egozten dizkio Herriko Etxeari: Bide berritzeetan bidegorririk ez egitea, mugikortasun arinak eta jasangarriak bermatzeko ; EGAlim legea ez betetzea, hau da, eskoletako jantokietan proteina animalien eta begetalen arteko oreka errespetatu ez izana.Horrez gain, Marieniako aferan eraikuntza baimentzea, 2014an lurren iragazkortasunari buruzko hitzarmen bat sinatu bazen ere, Biziren arabera, konpromiso hori ez da bete. Horrez gain ere, elkarteak gogorarazi du Kanboko Herriko Etxeak Euskoa tokiko moneta erabiltzeko konpromisoa hartu zuela, baina praktikan ez duela gauzatu. Ekintza honen bidez, Bizik herritarrei ohartarazi nahi die haien Herriko Etxeak ez dituela bete bere konpromiso ekologikoak eta sozialak.
Bizi!-ko kideek txosten bat banatu dute jarraituak diren Herriko Etxeei eta hautetsiei, trantsizio ekologikoa posible dela erakusteko eta heldu den agintaldian norabide berean, baina sendoago, segitzeko. Amaitzeko, elkarteak azpimarratu du “aitzakiaren garaia bukatu dela”, eta orain dela “ekintza erreal eta jasangarriak martxan jartzeko unea”.