Christian Devèze Kanboko auzapezak eta bere aldeko 18 kontseilariek ez dute onartu oposizioko 10 hautetsiek aurkeztu mozioa Marienia eta Usimendia etxebizitza proiektuak geldiaraztea galdetzen zuena 2026ko Herriko bozak iragan arte.
Ustekaberik ez da gertatu Kanboko kontseiluan agorrilaren 20ean. Gehiengoko 19 hautetsiek bozkatu dute oposizioko bi taldeetako 10 hautetsiek aurkeztu mozioaren aurka. Mozioak Marienia eta Usimendia etxebizitza proiektuak gelditzea galdetzen zuen 2026ko herriko bozak iragan arte, gai garrantzitsu horietaz herritarrek beren iritzia emaiteko gisan.
Auzapezak ez du erabakirik oraindik hartu heldu den urteko herriko hauteskundeei begira
Bilkuratik landa Christian Devèze auzapeza gogorki mintzatu da Peio Etxelekuren kontra leporatuz mozioaren bidez hauteskunde kanpaina abiatu nahi izan duela Etxelekuk. Peio Etxelekuk Euskal Irratietan erran digunez ez die merezi duten baino garrantzia gehiago eman nahi Devèzen hitzei eta badakila auzapeza artoski lanean ari dela haren desagertze politikoan eragiteko. Jakina da hiru zerrenda izanen direla 2026ko herriko bozen karietara. Peio Etxelekuk zuzenduko du lista independentea. Argitxu Hiriart-Urrutik Nahi Dugun Herria talde abertzalearena. Christian Devèze auzapezak baieztatu badu ere gehiengoak bere lista eramanen duela, ez duela erabakirik hartu oraindik bere segidaren hartzeko hautagaitzari dagokionez erran digu.
Eztabaida demokratikoari ateak berriz hesten dizkiola auzapezak salatu dute Nahi Dugun Herriako abertzaleek
Nahi Dugun Herria oposizioko talde abertzalearentzat garrantzitsua zen eztabaida berriz idekitzea. Amaia Beyrie hautetsiak dio bere kontseilariak ongi prestatu zituela auzapezak eta domaia dela. Gehitzen du Marienia eta Usimendia proiektuek eztabaida ainitz ekartzen dutela. Iritzi desberdin ainitz badirela, hautetsien artean ere. Eta hortako mozioaren helburua zen bi proiektu horiek gibelatzea 2026ko herriko bozen karietara herritarrek beren ikusmoldea eman zezaten.