2025eko maiatzean Hendaia erdiguneko etxebizitza okupatu zuen Aldak hiru egunez, konpentsazio legeari iruzur egiten dioten jabeei neurria hartzeko beharra salatzeko. 5.000 euroko isuna ordaindu beharko dio Hendaiako Herriko Etxeari jabeak.
Apartamentu turistiko gisa erabiltzen zuen jabeak 35 metro koadroko etxebizitza hori udako sasoian, eta urtean zehar han bizi zen 4 urteko alaba zuen gizonak etxea hustu eta Hendaiako kanpaleku batean pasatzen zuen uda. Hendaiako herriko etxea interpelatu zuen Aldak okupazioarekin batera, eta orain Baionako Auzitegiak 5.000 euroko isuna ordaintzera zigortu du jabea.
Alda kolektiboak aditzera eman duenez, 2025eko maiatzean konpentsazio legea bete gabe bere etxebizitza alokatzeagatik salatutako jabeak 5.000 euroko isuna ordaindu beharko dio Hendaiako herriko etxeari, eta beste 1.500 euroko gastu prozesalak bere gain hartzera zigortu du Baionako Auzitegiak. Kolektiboak etxebizitza eskubidea defendatzeko borrokan jarraituko duela hitzeman du, eta bizitegien eztabaida lehen planora ekartzeko lanean jarraitzen duela argitu du.
Kasu honetan, 2025eko maiatzaren 21ean Alda mugimenduko hainbat kidek Hendaiako Zubia karrikako apartamentu turistikoa okupatu zuten, eta hiru egun beranduago «garaipen totala» lortuta amaitutzat eman zuten ekintza, Hendaiako bizitegien eztabaida mahai gainera ekartzea lortu zutelako. Izan ere, Hendaiako Herriko Kontseiluan eztabaida gogorra eman zen hautetsien artean aste hartan, Hendaia Biltzenek interpelatuta, konpentsazio-arauari iruzur egiten dioten jabeei neurria hartzeko beharrari buruz. Eta kasu zehatz honetan, Aldak jabearengan ez ezik, Hendaiako herriko etxeak auzian esku hartzea ere lortu zuten.
Alda kolektibotik jakinarazi zutenez, okupazioari esker hainbat garaipen erdietsi zituzten. Etxebizitza horren jabeak ez baitzuen gehiago alokairu turistiko gisara 35 metro karratuko apartamentua eskainiko. Bezeroen bila Airbnb, Booking, Gites.fr edota Caporizons bezalako plataformetan emanak zituen iragarkiak kendu egin zituen okupazioaren ondotik. Eta uda hartan eginak zituen erreserbak bertan behera utzi zituen ere.
Era berean, okupazioari esker, Zubia karrikan kokatutako apartamentu horretan bizi zen maizterrari zor zitzaion fidantza ordaintzea lortu zuten. Izan ere, jabeak iruzur eginez sinarazi zion kontratua luzatzeari uko egin ondoren, lau urteko alaba baten aita Hendaiako kanpaleku batean bizitzera joan behar izan zuen oihal-etxe batean. Tamalez, gero eta gehiago dira azken urteetan Hendaian urtean zehar alokairuan bizi, eta udako hilabeteetan etxea hustu eta kanpalekuetara edota baldintza prekarioetan uda pasa behar izan duten herritarrak.