Frantziako Konstituzioaren bigarren artikulua aldatu nahi dute Peio Dufau eta Paul Molac diputatuek, «Errepublikako hizkuntza frantsesa» dela dion erranaldiari «Eskualdeko hizkuntzen erabilpenaren, sustapenaren eta babesaren errespetuan» gehituz.
Hizkuntza gutxituek frantses estatuan behar duten babesa ukan dezaten Konstituzioa aldatu behar dela ondorioztatu dute Peio Dufau euskal diputatuak eta Paul Molac bretoiak. Zehazki, 2. eta 34. artikuluak, hizkuntza gutxituen aitorpena eta frantsesaren nagusitasuna ez daitezen gehiago bata bestearen kontra izan. Frantziako Asanblean lege proposamen bat aurkeztu dute bi diputatuek, orotara 80 diputaturen babesarekin. Eskuin muturreko taldeak kenduta, bertze bederatzi talde parlamentarioetako ordezkariek babestu dute proposamena, eta urte bukaera aitzin eztabaidatu nahi lukete Asanblean, talde horiek hilabetean behin dituzten parlamentuko nitxoak baliatuz.
Zehazki, Konstituzioaren 2. artikuluan emendakin bat proposatzen dute, «Errepublikako hizkuntza frantsesa» dela dioen erranaldi ezagun horren osatzea nahi lukete diputatuek, gehituz «Eskualdeko hizkuntzen erabilpenaren, sustapenaren eta babesaren errespetuan».
Bigarrenik, 34. artikuluari dagokionez, hots, legeen eremuak finkatzen dituen artikuluan, eskualdeko hizkuntzen estatusaz eta bereziki administrazio eta zerbitzu publikoetan erabiltzeko aukerez lerro bat sartu nahi dute. Horri esker, laneko zuzenbidearen, segurtasun sozialaren edo defentsa nazionalaren heinean sartuko litzake eskualdeko hizkuntzek administrazioan duten lekua, azken asteetan herriko etxeek egin dituzten aitortzen antzekoak blindatuz.