24. Korrikaren ibilbideak ez ditu usaiako toki batzuk hunkiko, hala nola, Oztibarre eta Amikuzeko hainbat gune. Korrika beste manera batez lasterkatzeko bilkurara deitu dute lagundu nahi duen oro Donapaleun, urtarrilaren 22an, 18:30etan, Iturzainean.
24. Korrika Martxoaren 19an abiatuko da Atharratzetik, Mauletik pasako da, gero 19:30ak inguru Donapaleutik, hortik, Hazparneko bidea hartuko du, Garazikoa gero, eta Nafarroa Garairat lekutuko da, Ibañetatik goiti.
Ibilbideari so eginik, ohartzen gara ez dela usaiako leku batzuetatik pasako, konparazione Oztibarretik.
Horregatik, beste manera batez markatuko dute Korrikaren pasaia. Maider Galleras Oztibarreko eta Amikuzeko AEKko gau-eskoletako arduradunak berriak helarazi dizkigu.
Korrika horren pasaia markatzeko Korrika kulturala antolatzeko bilkurak antolatzen ari dira Oztibarren eta Amikuzen. Amikuzen, preseski, urtarrilaren 22an dute hitzordua laguntzaileek, 18:30etan, Iturzainean.
Momentuz, agendan badute finkturik hitzordu bat: urtarrilaren 31an, 20:30etan, Lurdes Iriondoren gaineko dokumentalaren hedapena, eta ondotik, Korrikaren jantzi-salmenta.
Bestalde, Korrika ttipiak ere lotzen ari dira bai Amikuzen, bai ere Oztibarren. Urte guziez Korrikaz prestatzen duten unitate didaktikoa eskuragarri izanen da, urtarrilaren 23tik goiti, Korrikaren webgunetik deskargatzen ahalko da.
Diru ekarpenak egin nahi dituenak, enpresak kilometroen babesle izan daitezke, aski dute AEKrekin harremanetan sartzea, baina, norberak ere egin lezake oraidanik, Korrika Laguntzaile izanez: 15 euroko ekarpena eginez. Korrika Laguntzaileek Korrikari buruzko informazioak besteek baino lehenago izanen dituzte; astero eginen den zozketan parte hartuko dute, eta hirugarrenik, Kaka antzerkiaren ikusteko beherapena ukanen dute.