Herriko bizi kulturalean inplikatua den Arrosa elkarteak kanpoko zinema gaualdia antolatu du herriko plazan. Bihar gauean sei film izanen dira ikusgai, Euskal Herri osoko zinegileen eskutik.
Duela sei urte, uztail guztiz antolatua da zinema gaualdia Arrosan. Aurten film laburrek dute protagonismoa, eta denak euskaraz izanen dira. Arrosako plazan proiektatuko dituzte, Cinévasion elkartearen pantaila handi batean. EKErekin eta Kanalduderekin elkarlanean eramana izan da proiektua.
Programaren aldetik, sei film labur ikusteko parada izanen da: Frédéric Julien, Maddi Zubeldia, Maryse Urruty, Eki Pagoaga eta Michel Etcheverryren Ardien doinua, Loic Espuchen Puah!, Koldo Almandozen Hubert Le Blonen azken hegalaldia, Telmo Esnalen Amona putz eta Hamaiketakoa, eta Xabier Amurizaren Ikuska 18. Aurten animazio filmek leku handia dute, eta adin guztientzat, izan haur ala heldu, zuzenduak diren filmak badira.
19:30etik taloak eta edatekoa izanen dira, eta 21:30ean hasiko dira filmak. Sartzea urririk da, eta euskarazko filmak frantsesez azpititulatuak dira.