Baiona (Lapurdi)

Lan-baldintza hobeak galdegin dituzte alor publikoko langileek

Baionako ospitalearen aitzinean elkarretaratu dira administrazio publikoko eta alor mediku-sozialeko berrehun bat langile. CGT, LAB eta FSU sindikatuek greba deialdia deitua zuten maiatzaren 13rako, administrazioko beharginen prekarietatea salatzeko.

Lan-baldintza hobeak galdegin dituzte alor publikoko langileek
Baionako ospitalearen aitzinean elkarretaratu dira arlo publikoko langileak. EUSKAL IRRATIAK
Kriztof Arotzarena
2025/05/14 10:50

Berrehun bat lagun bildu ziren atzo eguerdian CGT, LAB eta FSU sindikatuek antolatu funtzio publikoaren grebaren karietara. Manifestazioa iragan zen Baionako ospitaletik Euskal Elkargoko egoitzaraino. Hor ziren ospitaleko langile, irakasle, etxez etxeko langile, hezitzaile edota ATSEM langileak. Lan baldintza gero eta okerragoak salatu dituzte. Frantziako Gobernuak aurrekontu lerroetara murrizten dituela gaitzetsi dute ere, tokian tokiko errealitateak ez kontuan hartuz eta onura soziala mespretxatuz. Marie Pierre Etxebarne Ospitaleko CGTko ordezkariak adierazi duenez, «lan baldintzen makurtzea agerikoa da; arta beharretan diren hamabost pertsona eri bere gain hartu behar dituelarik langile batek, ez du denborarik haiekilan mintzatzeko ere».

Pribatizazioak prekarizazioa bortxaz ekartzen duela diote sindikatuek, eta publikoan kontsiderazio eza nagusitzen ari dela gaitzetsi dute. Euskal Hirigune Elkargoaren egoitza nagusiraino joan da ospitaletik abiatu den manifestazioa. UNSA sindikatuak ere, bere aldetik, beste elkarretaratze bat antolatu du ospitalean, ber egunean, baina berantago.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu