Urruña (Lapurdi)

Langile bat hil da Urruñan, lan istripu batean

Euskal Hirigune Elkargoarentzat ur biltegi baten eraikuntza egiten ari zen hildakoa Urruñako Xukutun bidean. Bertze langile bat larri zauritu da. Eraikuntza bertan behera utzi dute ikerketak dirauen artean.

Langile bat hil da Urruñan, lan istripu batean
Urruñako Xukutun bidean izan da lan istripua. GOOGLE MAPS
Aimar Lopez Erasun
2026/01/08 14:52

Duhalde eraikuntza enpresako langile bat zendu da gaur 9:15 inguruan Urruñako Xukutun bidean. Euskal Hirigune Elkargoak kontrataturik ur edangarri biltegi berri bat eraikitzen ari zirela izan da istripua. Elkargoak jakinarazi duenez, sokorri zerbitzuek ezin izan dute langilea suspertu.

Bigarren langile batek ere istripua pairatu du, eta larriki zauriturik, helikopteroz Baionako erietxera eraman dute. Istripuaren arrazoiak argitzeko ikerketa abiatu dute polizia judizialak eta lan ikuskaritzak, eta ikerketak dirauen artean obrak geldirik izanen dira.

LAB Sindikatua gogor mintzatu da istripua salatzeko: "Eraikuntzan, lanak bukatzeko presa eta arrazoi ekonomikoak tarteko ohikoak diren arriskuak pairatu behar dituzte langileek. Enpresariak dira egoera larri guzti horien errudun eta langileak biktima. Osasuna eta segurtasunari lehentasuna emango balitzaio ez ginateke egoera honen aitzinean egonen".

Heldu diren orenetan Ipar Euskal Herriko intersindikalak lan istripuari erantzun bat emanen diola aitzinatu du sindikatu abertzaleak.

Interesgarri izanen zaizu