Larraineko Herriko Etxeak ez du ordezkaririk izendatuko Xiberoko Sindikatuan

Ez du bilkuretan parte hartuko ere ez. Sindikatuak kudeatzen duen lurraldearen %61 Larraineko herrian denez, lurren heinen araberako bozak plantatzea proposatu zuten hautetsiek. Sindikatuaren arraposturik ezean hartu dute erabakia.

Larraineko Herriko Etxeak ez du ordezkaririk izendatuko Xiberoko Sindikatuan
Ximun Accoceberry Larraineko auzapea. XIBEROKO BOTZA
Xarlot Etxeberri
2026/07/01 17:35

Bide luzeak eraman die Larraineko hautetsiei erabaki horren hartzeko: Larraineko Herriko Etxeak ez du ordezkaririk izendatuko Xiberoko Sindikatuan, baita bilkuretan parte hartuko ere ez. Hamarkadak badira Xiberoko Sindikatua eta Larraineko Herriko Etxearen arteko desadostasunek lurraldeko paisai politikoa eta soziala zatitzen dituztela. Baina azken hauste hori aurtengo herriko bozen ondotik hasitako prozesuaren ondorioa da.

Izan ere, Herriko Etxean berriz plantatu orduko, kontseiluak Sindikatuaren gobernantzan hainbat aldaketa proposatzeko gutun ideki bat igorri zien herri jabekideei. Haien helburua, Larraineko biztanleen bozak pisu gehiago ukan dezan kudeatzeko sisteman, eta haien erranetan, haien eskubideak hobeki errespetatuak izan daitezen. Sindikatuak kudeatzen duen lurraldearen %61 Larraineko herrian denez, hautetsien arabera ezin da zuzentasunik izan Larrainek ez dueno beste herriek baino pisu gehiago.


Lurren heinen araberako bozen xedea...

Pirinio Atlantikoetako beste sindikatu zonbaitetan egiten den gisan, proportzionaltasun sistema bat lortu nahi lukete Larraineko hautetsiek. Gaur egun, 43 herri dira sindikatuan, eta herri bakoitzaren bozak ber pisua du erabakien hartzeko momentuan. Alta, larraintarren ordezkariek azpimarratu duten bezala, Xiberoko Sindikatuek 43 herri horietariko zazpi herriren lurrak baizik ez ditu kudeatzen: %61 Larrainen, eta gaineratekoa Altzürükün, Altzai-Altzabeheti-Zunharretan, Lakarri-Arhane-Sarrikotagainen, Ligi-Atherein, Muskildin, eta Gamere-Zihigan. Herri horietako bozek pisu gehiago ukaitea proposatu zuten, lurren heinen araberakoa.

Ez gira arrunt Sindikatuaren kontra, ez eta arrunt ados ere, baina ez da arrazoin bat gure baztertzeko

Ximun Accoceberry Larraineko auzapeza

Baina iduri luke proposamenak ez duela ahobatezkotasunik lortu. Jakinarazi dutenaren arabera, hastapen batean Sindikatuak gutunari beste herri guziei erantzun zien, Larraineri izan ezik. Azkenean ihardukitzea eskuratzean, ez zietela eskaerei kontsideraziorik eman iduritzen zitzaien hautetsiei. Hori dela eta, Ximun Accoceberry Larraineko auzapezak adierazi digu "ez [dela] arrunt Sindikatuaren kontra, ez eta arrunt ados ere, baina ez [dela] arrazoin bat haien baztertzeko".

Sindikatuko burua Jacques Barreixek ez digu arraposturik eman nahi momentukotz.

Interesgarri izanen zaizu