Sartzeko lehen eguna seigarrenekoek bakarrik egin dute asteartean, Manex Erdozaintzi-Etxart MEEK kolegioan, lehen urratsak aiseago egiteko. Asteazkenean juntatu zaizkie bosgarren, laugarren eta hirugarrenekoak. Lantalde pedagogikoa egonkor gelditzen
Seigarrenean 3 gela izanen ditu Manex Erdozaintzi-Etxart MEEK Oztibarreko kolegioak eta 65 ikasle izanen dira. Bosgarrenak 71, hauek ere hiru gelatan banaturik. Laugarrenean 52 eta hirugarrenean 57 ikasle ibiliko dira Lartzabalen. Denetarat, beraz, 245 ikasle. Zenbakiak berdintsu egoiten badira ere, kolegioak badaki ondoko urteetan Ipar Euskal Herriko ikastetxe guzietan bezala apaltzeak ikusiko dituela, lehen mailan haur gutiago sartzen direlako azken urteetan.
Oiartzunekin birazkaturik
Seigarrenek aurten ere “ongi izatea” landuko dute egitasmo pedagogikoari esker. Bosgarrenek, berriz, trukaketa bat izanen dute Gipuzkoako Oiartzungo ikastolarekin. Hango ikasleek ostatu ukanen dute Oztibarreko kolegiokoen familietan eta berdin gertatuko zaie baxenabartar gazteei Gipuzkoan. Laugarrenek ateraldi kulturala eginen dute Zaragozan eta hirugarrenek “engaiamendua” landuko dute tokiko elkarte eta eragileen eta haien harat-honaten ezagutza eginez.
Euskararen baliapen usaia desberdinak direla kausa kolegioa mintzairaren biziberritzerako munta handiko lekua da. Ondorioz, araberako animazioak apailatzen ditu pedagogia taldeak.
Bestalde, laster Donapaleun Seaskak zabaltzekoa duen bigarren lizeoa mentura ederra zaio Oztibarreko kolegioari, besteak beste euskarazko ikasbidearen jarraikortasunari begira.