Ainhoa Etxenike lapurtarrak gaizki bizi izan du pasa den larunbatean Donostiako estropadan izan gertakariak. Ez du ulertzen zergatik ez zen hastapenetik bertan behera utzi ikusirik itsasoaren egoera txarra. Sasoinaren bilana egin du.
Ainhoa Etxenike arraunlari lapurtarra Tolosaldean ari da sasoin honetan Eusko Tren ligan, Orio utzirik. Kontent da hartu zuen deliberoarekin. "Biziki klub ona eta sanoa da Tolosaldea. Plazer bat entrenamenduetara joatea eta neskekin egotea; prestatzailea ere bikaina iruditzen zait, beraz, bilan biziki ona egiten dut", dio Ainhoa Etxenikek talde aldaketaz galdetzean.
Pasa den larunbatean Donostiako estropadari buruz galdetzean, bere bilana ez da hain baikorra. Ez du ulertzen zergatik epaileek ez zuten bertan behera utzi estropada, hastapenetik, ikusirik itsasoaren egoera biziki arriskutsua zela. "Ez dut sekula ikusi horrelakorik! Olatu handiak baziren, haize ainitz... estropada eremuari so egiten genion eta olatuak zentzu orotara, eta olatuak hausten edonon, eta hori biziki langerosa da. Elkarri begiratzen genion, eta erraiten genuen: 'Ez gara aterako itsasora ez?'", oroitzen da Etxenike, baina, estropada ez zen bertan behera gelditzen.
Ez dut sekula ikusi horrelakorik! Olatu handiak baziren, haize ainitz... estropada eremuari so egiten genion eta olatuak zentzu orotara, eta olatuak hausten edonon, eta hori biziki langerosa da. Elkarri begiratzen genion, eta erraiten genuen: 'Ez gara aterako itsasora ez?
Eusko Tren ligako zortzi arraun taldeetako prestatzaileak elkarretaratu ziren, eta deliberatu beren artean ez zirela uretara aterako. Aldiz, berantago, San Juan untzia itsasoratzeko prest zela jakin zuten, taldeen arteko adostasuna hautsiz. Azkenean epaileek estropada bertan behera utzi zuten. Baina mina jadanik egina zegoen arraunlarientzat Etxenikeren irudiko: "Itsasoak ez duela barkatzen jakin behar da. Ni biziki haserre nintzen larunbat arratsean. Ez nuen ulertzen Ligak nola ez zuen erabakirik hartu lehenago. Larunbatean etxera sartu naiz erraiten, 'zein itsusia izan daitekeen kirol hau', eta zinez ez dugu hau ikusi nahi berriro".