Larzabale-Arroze-Zibitze (Baxe Nafarroa)

Larzabaleko Gazteluzaharren zundaketa geo-arkeologikoak egin dituzte

Joan den astean Baxe Nafarroan ziren zonbait arkeologo, Hozta, Larzabalen edota Donazaharren zonbait daturen biltzeko, zundaketa geo-arkeologikoak eginez. Protohistoriatik Erdi Aro hastapena arteko informazioaren xerka jina ziren.

Larzabaleko Gazteluzaharren zundaketa geo-arkeologikoak egin dituzte
Lurpean diren estratu edo geruza desberdinak miatu nahi zituzten arkeologoak. IRULEGIKO IRRATIA
Antton Castoreo
2026/05/11 08:00

2025ean hasi zuten ATEA izeneko proiektua, Aranzadi zientzia elkarteak eta Hades Akitania Berriko arkeologia enpresak. Ideia da loturen azkartzea Pirinioen iparraldeko eta hegoaldeko lan arkeologikoen artean. Protohistoria, Erromatar garaia, eta Erdi Aro hastapena ikertzen dituzte bi egituretako arkeologoek. Helburu nagusienetariko bat da aztertzea gaur egungo Nafarroa eta Baxe Nafarroa lotzen zituen garaiko bidea, eta ulertzea horren inguruan nola egituratua zen lurraldea.


Zundaketa geo-arkeologikoak Baxe Nafarroan

ATEA proiektuaren aitzinarazteko, maiatza hastapen honetan arkeologo talde batek terrenoko lan batzuk eraman ditu Baxe Nafarroan: Hozta, Larzabalen edota Donazaharren. Aspaldidanik ezagunak diren tokietan, datu berriren biltzera jin dira Aranzadiko eta Hadeseko arkeologoak.


Zundaketa geo-arkeologikoak egin dituzte ikerleek toki desberdinetan, carottage teknikarekin. Hamar zentimetroko diametroa duten ziloak egin behar dira, ateratzeko bi metro luzera duen lur zati bat. Helburua da lagin horretan ikustea lurpean diren estratu desberdinek datu bereziak ematen ahal dituzten, adibidez material organikoa edo sedimentuak atxematen ahal direnez, ondotik laborategian aztertzeko. Emaitzen arabera, hautatzen ahal da zoin toki litaiken interesgarriena indusketa batzuen hasteko.

Arkeologoek zehazki neurtzen eta grabatzen dituzte biltzen dituzten datu guziak. IRULEGIKO IRRATIA


Larzabalen harresiak, baina ondoan zer?


Larzabaleko Gazteluzaharren zirelarik izan ginen arkeologoen ikustera. Herriaren gainaldean da Gazteluzahar, antena den tokian. Arribatzean berehala ikusten ahal da belarraz estalia den maldatxoa edo ezponda: beste garai bateko harresien aztarnak dira. Hor ziren lau arkeologo, zundaketa geo-arkeologiko hori egiten ari.


Oihane Mendizabal Aranzadi zientzia elkarteko langileak gure mikroan azaldu du toki interesgarria zela Larzabaleko Gazteluzahar, aspaldidanik jakina baita toki inportantea izan zela historian zehar. Lurralde mailan, berehala ageri da toki estrategikoa dela: urrunera ikusten eta kontrolatzen ahal dira bide eta eremu desberdinak. Horretaz gain, azken hamarkadetan aztarna frango atxemanak izan dira Gazteluzaharren: Protohistoriatik Erdi Aro hastapena arte. Hala ere, Oihane Mendizabalen ustez, "falta dugu jakitea aztarna horiek lotuko dituen hari bat".


Harresiak agerian dira Gazteluzaharren, baina horien barnean ziren egiturak ezezagunak dira. Zer zen xuxen Gazteluzaharren rola? Babeslekua bakarrik izan ote zen? Bizi tokia ere bai? Protohistoriatik Erdi Aroa arte zoin aldaketa izan ziren? Galdera ainitz gelditzen dira beraz. Ikusiko dute orain arkeologoek lehen datu bilketa horiek zer ematen duten, sedimentu edo material organikoa datatzen ahal denez, eta ondotik indusketa xantierra antolatzen ahal denez Gazteluzaharren.

Mattin Aiestaran, Fanny Larre, Oihane Mendizabal eta Josu Narbarte, Larzabaleko Gazteluzaharren. Gibelean ikusten ahal da harresien aztarna. IRULEGIKO IRRATIA


Uda honetan, indusketa xantierrak


Jakin bestalde uda honetan, ATEA proiektuaren baitan bi indusketa antolatzen dituztela Aranzadik eta Hadesek. Lehena Auritzen izanen da, Zalduako aztarnategian, eta bestea Uharte Garazin, Arteketa Kanpaitako aztarnategian. Boluntarioak xerkatzen dituzte, horretarako harremanetan sartu beharko da Aranzadi zientzia elkartearekin.

Interesgarri izanen zaizu