Ehizako arma batekin, tiroak airera bota ditu gizon batek eguerdi honetan Larzabalen. Lur desjabetze dosier bati lotua litzateke gertakaria.
Lactalis-Istara esnetegiak bere gunea handitzeko xedea du aspaldidanik Larzabalen, eta horretarako hainbat lurren desjabetze egin ditu. Herritarren artean galdeketa bat egin zuten desjabetzeen inguruan duela urtebete inguru, eta kontrakotasunak izan ziren; tindaketa batzuk ere eginak izan ziren, enpresa eta Hirigune Elkargoa desjabetzeen errudun gisa joz.
Gaur eguerdian , 11:30ak aldera tiro batzuk entzun ondotik jendarmeriako lehen brigada batzuk Larzabalera hurbildu dira. Lekuko batek Euskal Irratiei kontatu dienez, haren auzo batek egin ditu tiroak airera, desjabetua izanen zen herritar bat delarik hura.
Lactalis esnetegiko langileak lantokitik atera dituzte. Jendarmeriaren inguruko brigadez gain, GIGN poliziako negoziatzaileak ere bertan ziren, eta Lakarratik Larzabalerako bidea hetsia egon da arratsalde erditsu arte.
15:30etan atera da gizona esnetegitik. Poliziak arrastatu du erresistentziarik gabe, eta ez da zauriturik izan.