Euskal Irratiek, Gure Irratiak, Irulegiko Irratiak eta Xiberoko Botzak webguneak berritu dituzte. Ordenagailu eta telefono mugikorretarako egokituak dira euskarriak, baita aktualitatearen beharretara ere.
Hedabide sare bateratu, konektatu eta hurbila: gaurdanik, oinarri beretik ariko gara sarean Euskal Irratiak eta lau tokiko irratietatik hiru. Egungo erronketara egokituriko lau webgune argitaratu ditugu irailaren lehen honetan, informazioa irrati uhinetarako tratatzen dugun bezala, interneten ere kalitatez, hurbiltasunez, azkar eta bereziki euskaraz hedatzeko asmoz.
Euskal Irratien orain arteko webguneak bi hamarkada zituen, blog formatukoa zen, eta ez zen hedabide batek 2025ean dituen beharretara egokitua. Hala, berritze prozesu bat eman dugu hainbat partaiderekin, eta Gure Irratia, Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botzarekin.
Plataforma berriari esker, irrati bakoitzak bere webgunea izanen du, baina oinarri bera dute lau guneek, eta plataforma horri esker tokiko irratien informazioa Euskal Irratien webgunean eskuragarri izanen da, baita alderantziz ere. Lapurdi, Behe Nafarro eta Xiberoko hurbileko informazioaren erreferente izateko asmoa du beraz Euskal Irratien atari berriak, horri esker.
Informazioaz gain, eskaintza zabala
Orain arte Euskal Irratiek ekoizturiko emankizun eta podcast ezberdinak albisteen saldoan nahasiak baziren, webgune berriak podcastak entzuteko atal berezi bat du. Bertan, asterokoak edo hilabeterokoak diren emankizunak nahieran entzuten ahalko ditu entzuleak, esperientzia ederrean. Sartze honetan hasi edo berrabiatuko diren emankizunak ez ezik, azken ikasturteetako emankizun, podcast eta kronika gehienak ere entzungai dira jadanik.
Goiz Berri emankizunean egunero parte hartzen duten iritzi emaile, bertsolari eta kronikariek ere haien tartea dute webgune berriko "Iritzia" tartean. Eta entzuleek egunean berean, heldu diren egunetan baina aitzineko egunetan Euskal Irratien eta tokiko irratien uhinetan zer entzun duten jakiteko aukera eskaintzen du "Programazioa" atalak.
Azkenik, entzuleen laguntzari esker garatuko den "Abisuak" atalak norberak iragarki labur bat emateko aukera ematen du. Gure uhinetan herritarren arteko salerosketa eta trukaketa errazteko dugun ohitura historikoari jarraituz, orain webguneetan ere izanen da abisuak eman eta irakurtzerik.