Iparraldean 92 lekukotasun anonimo bildu ditu 2024ko inkestak. Galdekatutako LGBT+ pertsonen %96k ahozko bortizkeria jasan du eskolan, eta %72 eraso fisikoren bat.
LGBT+ pertsonen kontrako giroa agerian utzi du Les Bascos elkartearen ikerketak. Ipar Euskal Herriko, Landetako eta Biarnoko berrehun pertsonek arrapostu eman diote iaz elkarteak hedatu duen galdetegiari. 2024 urteko inkesta sarean argitaratu dute. Zehazki, Iparraldean 92 lekukotasun anonimo bildu dituzte. Erantzunek LGBT pertsonen eskolako jazarpena agerian uzten dute: ahozko bortizkeria %96k jasan du eta eraso fisikoak %72k.
Estatu aparatuen eraginkortasun eza
Bestalde, salaketa gutti egiten direla erakusten dute lekukotasunek, «polizia-etxeko edo jendarmeriako langileen izaera homofoboaren beldurraz». Preseski horri buru egiteko Les Bascos elkarteak hitzarmen bat adostu zuen prefeturarekin, bereziki langileen formakuntza bultzatzeko. Franck Yves Guilbert, Les Bascos elkarteko presidentearen hitzetan, «hainbat eragile instituzionalengandik erresistentzia bat sendi dugu. Adibidez, iaz, Landetako batzordean parte hartu genuen, eta prefekturak eraso kopurua apala zela segurtatu zuen. Haatik, guk bildutako lekukotasunen arabera, eskola munduan, hainbat gazte zailtasunetan zirela baieztatua genuen. Beraz pentsa daiteke estatuak LGBTfobia kasuak zenbatzeko plantan dituen tresnak gaizki erabiliak direla».
Ikerketari begiratuz, nabarmentzekoa da LGBT pertsonen kontrako erasoen biktima ugari emazte lesbianak direla. Eraso LGTBfoboak salatzeko aukera ematen du Les Bascos elkarteak bere webgunean.