Zirtzil eta dantzariek hartu dute Donapaleuko plaza otsailaren 16an. Aro ederraz eta publikoaren harreraz eta bertsolariez lagundurik, urteko lehen libertimendua plazaratu dute amikuztar gazteek.
Aurtengo lehen libertimendua eman zen atzo Donapaleun. Denak gain azpika ezartzeko garaian Amikuzeko zirtzilek ez dute huts egin. EHZ festibalaren edizioa Arberatzen, Donapaleuko istorio politikoak edota laborantzako gorabeherak haien moldean agertu dituzte, umore handiz eta behako zorrotzarekin. Arrakasta izan du aurten ere Donapaleuko libertimenduak. Bertsolari, dantzari eta soinulari, ikusleek plazer hartu dute. Burgaintzi taldekoek dantza berriak ere atera dituzte egun horretako.