"Linguae Vasconum Primitiae" liburua Parisetik Baionara ekartzeko galdea egin dio Baionak Frantziari

Frantziako Liburutegia da Bernart Etxeparek 1545ean idatzi liburuaren jabea. Bilkura bat antolatu berri da DRAC eskualdeko Kultura Zuzendaritzarekin eta eskaera ukan du Kultura Ministerioak. Baionako Liburutegian alde bat egoteko galdea egin dute.

"Linguae Vasconum Primitiae" liburua Parisetik Baionara ekartzeko galdea egin dio Baionak Frantziari
1545ean inprimatu zuten "Linguae Vasconum Primitiae" liburua, Bernart Etxeparek idatzitako euskarazko lehen liburua. EUSKAL IRRATIAK
Kriztof Arotzarena
2026/01/02 11:28

Linguae Vasconum Primitiae euskaraz inprimaturik izan den lehen liburua Baionako Liburutegian egotea galdegin dio Frantziako Kultura ministerioari Baionako Herriko Etxeak ofizialki. Duela kasik 500 urte idatzi zuen Bernart Etxeparek. Erran behar da ekintza bat antolatu zuela Euskal Herrian Euskarazek aldarrikapen hori bultzatuz joan den abendu hastapenean.


Ekintzak ondorioak izan zituen


Ekintzara hurbildu ziren Baionako hautetsiak eta bilkura bat erdiesteko konpromisoa hitzeman zieten ekintzaileei. Ondotik bilkura bat antolatu du Herriko Etxeak DRAC eskualdeko kultura zuzendaritzarekin, honek Kultura Ministerioa ordezkatzen duelarik. Jakin behar da Frantziako Liburutegia dela obra honen jabea. Eta alde bat Baionako Liburutegian egoteko eskaera egin dio Herriko Etxeak ofizialki.


Joseba Erremundegi Baionako hautetsia:


Linguae Vasconum Primitiae liburua urtarrilaren 11ra arte ikusgai da Baionako Euskal Museoan.


Euskal Herrira hurbilarazteko behin-behineko galdea egin zion Herriko Etxeak orduan Frantziako Kultura Ministerioari Euskal Museoaren mendeburuaren karietara. Sekulako arrakasta du ekimen honek Ipar eta Hego Euskal Herritik jende anitz etorri baitira. Orain Etxepareren obra Euskal Herrian gerizatua izan dadin betiereko nahi luke Baionak. Arrazoi eta baldintza nagusiak beteak direla horren eskatzeko azpimarratu digu Joseba Erremundegik


Erantzun fermu baten zain dira Baionako hautetsiak.


Luzea daitekeela desmartxa dio Erremundegik. Lehenik segur nahi izan dute txosten osatua egiten balitz Kultura Ministerioak aztertuko lukeela. Badakite eskaera eskuratu dutela Parisen eta orain segurtamen hori ekar lezakeen erantzunaren zain daude Baionako kontseilariak.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu