Herri Urrats 2025 maiatzaren 10ean ospatuko da, eta aurtengo edizioak Donapaleuko lizeo berria eraikitzeko dirua bilduko du, “Geroa eraikiz” lemapean.
Goiz honetan, ostiralarekin, Herri Urrats aurkeztu dute Baionako Biltxoko elkartean. 43. edizioak Donapaleuko VVF ohiko gunean eraikiko den lizeo berriarentzat bilduko du dirua; ikastetxeak Xiberoa, Baxenabarre eta Hazparnealdeko ikasleak hartuko ditu. Lanak 2026ko uda aitzin abiatzea espero da, eta helburua da 2027ko irailerako zentroa prest izatea. Eric Etxart Seaskako ko-lehendakariak azaldu duenez, 7 milioi euroko inbertsioa aurreikusia da proiekturako.
“Geroa eraikiz” izango da aurtengo lema, lizeoak etorkizunaren irudia ekartzen duelako eta Herri Urratsen bildutako dirua ikastolak eraikitzera bideratzen delako. Aurten, gainera, kolorezko txotxek osatutako logoa aurkeztu dute, haurren marrazki tresnetatik inspiratua.
Ohiko zozketa, webgunea, denda eta musika maketa lehiaketak segida izanen dute, eta berrikuntzen artean, Herri Urratseko 20 abestiren binilo bikoitza aterako da salgai Durangoko Azokan eta interneten. Bertan izango dira, besteak beste, Zetak, ETS, Xiberoots, Berri Txarrak eta Dupla.