Lizeo andana blokatuak dira gaur, gehienak itxiak izanik ere, Baionako fakultatea bezala. Baionan, ikasleen manifestaldia izanen da 10:30ean, eta 17:30ean sindikatuekin batera hartuko dituzte karrikak.
Pirinio Atlantikoetako prefeturak lizeoen aitzinean mobilizatzea debekatu zuen, baina atzo, Paueko Auzitegi Administratiboak gibelera bota zuen neurri hori. Gaur beraz, 7:00ak aldera hasi dira blokatzeak Baiona, Angelu, Miarritze eta Donibane Lohizuneko lizeo gehienetan. Lizeo horietariko gehienak itxiak dira aitzitik: etxetik ari dira lanean irakasleak, kurtsoak bideodei bidez ematen, joan den ostiraletik. Gaur haatik, irakasleak ere mobilizaziora batzera deitu dituzte LAB, FSU, CGT, Solidaires, edo CFDT sindikatuek. Lizeotarrek eta langileek manifestaldi bateratua deitu dute Baionan gaur, 17:30ean, Herriko Etxetik abiaturik. Lehenago baina, 10:30ean abiatuko dira ikasleak Plaza Berdetik, lizeo bakoitzetik iritsiko diren zutabeak baturik. Baionako fakultateko ikasleak ere batuko zaizkie, hura hestea erabaki baitu UPPA Baiona eta Paueko unibertsitateak.
Baionako Bernat Etxepare lizeoan laugarren blokatze eguna dute gaur, eta bertze lizeoetako aldarrikapenei -irakasle eskasia, ikasteko baldintza txarrak, Parcoursup plataformak eragiten duen ziurgabetasuna- haien salaketa berezia gehitzen diete, euskaraz ikasi eta azterketak egitearena hots. Baita azken egunetan jasan duten errepresioaren aurkakoa ere. Atzo, hogei lagun baina gehiago atxilotu zituen poliziak Lapurdiko mobilizazioetan. Mila Alkhat eta Laia Urrutikoetxea Etxepareko ikasleak Kriztof Arotzarenaren gomitak ziren gaur Goiz Berrin blokatzetik zuzenean, artikulu honetan entzun daiteke elkarrizketa osorik.
Angeluko Cantau lizeoan, azken hiru egunetan izandako mobilizazioen arrastoak ikusi ditu bertan den Esteban Bastié kazetariak. Kurtsoak telematikoki segurtatuak izanik, eta azken egunetan bezala poliziaren presentzia handia denez, ikasle guti hurbildu dira lizeora gaur. Aldiz, CGT sindikatuko kide andana bat ziren hor, baita heldu batzuk ere, zapi xuri bat soinean; Frantziako hainbat mugimendu ezkertiarrek proposaturiko neurria da, helduek lizeotarrei babesa erakusteko eta poliziaren bortizkeria baretzen saiatzeko.