Ziburu (Lapurdi)

Lurra eta Itsasoa, mahai berean Ziburun

Itsas usainak eta lurraren zaporeak bat eginen dute Ziburuko portuan asteburu huntan. Atun Besta eta “Lur eta Itsaso” afaria direla medio, herriko historia, gastronomia eta elkarbizitza ospatuko dira itsasertz honetan.

Lurra eta Itsasoa, mahai berean Ziburun
500 leku eskainiko ditu Ziburuko besta komiteak Atun bestarentzat. Afaria 17 eurotan. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2025/07/17 18:03

Itsasoa ohorean emanen da asteburu huntan Ziburun eta Donibane Lohizunen. Larunbatean, 18:00etatik goiti, Atun Besta tradizionala ospatuko da Urdazuri ibaiaren bi ertzetan, bi portuen arteko lotura historikoa berriz biziaraziz. 1960ko hamarkadan sortu zen ospakizuna, garai hartan Frantziako atun portu garrantzitsuena izan baitzen Ziburu-Donibane. Ontzi izozkailuek arraina Ziburuko biltegi hotzetan gorderik uzten zuten, eta horren ondorioz, portuak eta herritarrak festa baten inguruan bildu ziren.

Ziburuko besta komiteko Eneko eta Anak aurtengo programaren nondik norakoak aurkeztu dituzte. Haien hitzetan, bi portuetako ospakizunak ezin dira zuzenki konparatu, baina jatorri komun batek lotzen ditu: itsasoarekiko eta lanbide tradizionalekiko harremana.

Bestaren bezperan, ostiralean, 19:00etan, “Lur eta Itsaso” izeneko afaria antolatuko da Ziburuko plazan. Ziburuko Herriko Etxeak eta Idokik elkarrekin prestatu dute ekimena, tokiko elikadura iraunkorra eta kalitatezkoa ohoretan ezartzeko xedez. Joan den urtean Eneko Aldana auzapezak azpimarratu zuen elikaduraren garrantzia eta aurten ere, herriko gazteek hartu dute ardura bertako laborari beterano baten lanari segida emateko.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu