Legebiltzarraren desegitea, Emmanuel Macron presidentearen dimisioa, edo ezkerreko gobernuaren osatzea dira mahai gainean diren 3 aukerak. Erreakzioak bat bestearen gibeletik heldu dira. Annick Trunday, Peio Dufau eta Eguzki Urteagarenak bildu ditugu
Krisi politiko, ekonomiko eta identitarioa emendatzen ari dela Frantziako gizartean, ondorioztatu dute azken aburu ikerketek. Frustrazioa, haserrea eta noraeza ere aipatzen dute ikerketek, eta eskuin muturraren goranzko jarrera. Egoera hau bizitu da Sebastién Lecornu lehen ministroaren dimisioaren ondotik.
Annic Trunday Departamenduko kontseilari makronistaren iritziz, alderdi politikoetako arduradunen botere goseak oztopatzen du oro, 2027ko hauteskunde presidentzialetan ari direlakoan pentsatzen. Goiz Berri emankizuneko gomita izan da astearte honetan kontseilaria.
Peio Dufau EH Bai-ko diputatuaren arabera, legebiltzarra bertan behera uzteak ez luke deusik konponduko, hiru blokeek jarraituko bailukete molde bertsuan. Diputatu abertzaleak ezkerreko gobernu baten alde eginen luke memento honetan, krisitik ateratzeko.
Eguzki Urteaga soziologoaren arabera Emmanuel Macron Frantziako presidenteak akats nabarmenak egin ditu azken aldian, eta ez du jakin entzuten, eta interpretatzen, boz-emaileek eman duten mandatua. "Macronek ez du ulertu jendeak ez duela bere alde egin, eskuin muturraren kontra, baizik, eta hori, akats politikoa da bere oinarria biziki ahula delako", uste du soziologoak.