Sei finalistek saio ederra eskaini zuten 1.800 bertsozaleren aitzinean Donibane Lohizunen. Maddi Ane Txoperenaren gibeletik, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Aitor Servier, Irantzu Idoate eta Elixabet Etxandi sailkatu ziren.
Maddi Ane Txoperenak irabazi du 2026ko Xilabako bertso finala, Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan, larunbatean jokatu saio arrakastatsuan, 1.800 bertsozale baitziren finala ikusten.
Azken buruz burukora Maddi Ane Txoperena eta Maddalen Arzallus sailkatu ziren, nahiz eta Miren Artetxek ere Arzallusen puntu berdinak erdietsi. Azkenean Txoperenak 1.132 puntu eskuratu zituen, hiru orenez bertsotan aritu ondotik, eta Arzallusek 1.106.
Sailkapenean, Hirugarren tokian Miren Artetxe sailkatu zen, Aitor Servier laugarren, bosgarren Irantzu Idoate eta seigarren Elixabet Etxandi. Etxandi izan ezik, bertze bostak Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketa Nagusirako sailkatu dira.