Aldude ibarreko ate idekitzeak eginen dituzte urriaren 9, 10 eta 11n. Egiatarau joria apailatu du berriz ere AIBA elkarte antolatzaileak. Elkarteko arduradun taldekoa da Maika Alfaro eta asteburu horren garrantzia azpimarratu du.
Duela hamabost bat urte abiatu zen AIBA elkartea Urepele, Aldude eta Bankako herrietako lagunez osaturik, aitzinekoek abiatu ildoari beste tornu bat emateko nahiarekin. Aldudeko ibarreko ate idekitzeek beti arrakasta handia dute eta animazio eskaintza zabala ekartzen diote ibar gainari hiru egunez.
Bi urtetarik egiteak anitz egiten duela uste du Maika Alfarok. Alde batetik, zama handiegia litzatekeelako elkarearentzat urte guziz egiten balitz, eta bestalde, gertakariari bizitasuna atxikitzen baitio.
Albaina, azinden edo kabala feria betiko munta handiko momentua da, eta harekin kabala ederren sariketa, tokiko gasnen lehiaketa, artzain xakur txapelketa.
Kultur ekitaldi anitz
Kultur ekitaldi frango izanen da, hala nola bertso saioak, kantaldiak, dantza emanaldiak. Iruñetik Duguna dantza talde famatua ariko da ebiakoitzean, Urepelen ; Mizel Mateo Sallaberri eta Haira Aizpurua Ibargarai bertsolariak, goizarekin Alduden ; aire Ahizpak, Menditarrak eta Haur Kantu Txapelektan aritu ibarreko kantari gazteak, arratsean, Urepelen.
Kirolaren aldetik, nolaz ez, usaiako Kintoa Kurri abiatuko da Bankatik, igandean. Pilotak ere gain-gaineko lekua izanen du. Partida bat baino gehiago izanen da, eta Mikel Erramuzpek aldudar semeak, Perkaini buruz egin dokumentalen azken atala ere aurkeztuko du.
Egitaraua
Urriaren 9a, ortzirala
09:00-17:00: haurren tailerrak
17:00 Aldudeko Posta bulego berriaren estrenaldia.
18:00: Bankako Olha gunearen estrena eta ate idekitzeena.
Urriaren 10a, ebiakoitza
ALDUDEn
09:00-13:00: Kabala lehiaketa, arroltze eta xingar jatea, erakusketak, zaldi heztea (Andoni Iriarterekin), etxe ekoizleen merkatua, gasna lehiaketa. Urepelen.
10:00: bertso ibilaldia ferian gaindi Haira Aizpurua eta Mizel Mateo bertsolariekin.
12:00: Bazkaria (hiru herrietako ostatuetan eta araberako plazetan)
14:45: esku-huskako partidak Aldude Alfaroeneko joko berrian.
UREPELEn
18:00: Iruñeko Duguna dantza taldearen emanaldia. (Plazan)
19:00: talo jatea Jean Claude eta Koxemarik alaiturik. (Plazan)
20:00: Kantaldia: Aire Ahizpak, Menditarrak, haur kantu txapelketako kantariak. (elizan)
Urriaren 11n, igandean
BANKAn
06:30tik goiti: Kintoa Kurri lasterketa.
11:30: esku-huskako partidak
12:00: bazkaria (herriko jatetxeetan)
ALDUDEn
15:00: Perkainen Itzalean dokumentala.
ESNAZUn:
16:00: Artzain xakur txapelketa
17:00: esku-huskako partidak.
18:00: talo jatea.
UREPELEn:
15:00-18:00: gazteen xokoa.
Hiru egunetan barna bisita gidatuak eta erakusketak
Xehetasunak oro elkarteko atarian.