Maiatzaren 29 eta 30ean, Elorrio herriak Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen arteko topaketak hartuko ditu. Antolatzaileen arabera, «autoritarismoaren gorakada» honetan gaztetxeak saretzeko eta komunitatea indartzeko tokia izanen da.
Datozen maiatzaren 29ko eta 30eko topaketen muntatzeko azken prestakuntza lanetan dabiltza. Ehundik gora gaztetxe eta gazte asanblada ibili dira azken hilabeteetan topaketak antolatzen. Horren emaitza da osatu duten egitarau ainitza : askotariko tailerrak, hausnarketarako espazioak eta aisialdi proposamenak. Prestakuntza lanetan parte hartu dute iparraldeko hainbat gaztetxek, horien artean, Garaziko Gaztetxeak. Hain justu, Garaziko gaztetxeko kide diren Kattalin Perriek eta Maika Gezainburuk kontatu digute nola iragan zen prestakuntza guztia, eta, bidenabar, iparraldeko gaztetxeen eta gazte asanbladen egoeraz ere aritu dira.
Prestakuntza prozesuan antolatzaileek lurraldetasuna kontutan hartu dute, Euskal Herria osoko gaztetxe gehienek batzeko aukera izan zezaten, eta, ondorioz, bilkurak lurraldearen zoko ezberdinetan egin dituzte. Horrez gain, proposamena irekia izan zedin, asanbladek erabakitzen zenaren gaineko kontrola zuten.
Hausnarketa kolektibo horretarik atera den ondorioa da « autoritarismoa gora doala » eta, « faxismoaren, matxismoaren eta arrazakeriaren gorakada » bat ari dela gertatzen. Horrenbestez, antolatzaileek uste dute gaztetxeek eta gazte asanbladek eragile aktiboak izan behar dutela prozesu guzti honi aurre egiteko, eta, topaketek gaitasun gero eta handiagoak lortzeko bitartekoa izan behar dutela.
Iparraldeko gaztetxe eta gazte asanbladen egoera
Bestalde, elkarrizketaturiko Garaziko gaztetxeko kideek uste dute iparraldean, erritmo motelagoan bada ere, baina, hegoaldean bezala, gaztetxe baten « loraldi » bat ari dela gertatzen, eta, dinamika hori indartzen joan behar dela. Izan ere, oraindik gazte asanblada anitzek ez dutelako elkartzeko toki finkorik, eta beste anitzek ere borrokatu behar dutelako politika egiteko gutxieneko baldintzak lortzeko. Adibide gisa ezarri dute haien kasua, salatuz herriko etxeak trabak ezarri zizkiela muntatzen dituzten « udako ostegunak » prestatzeko.