Eguerdiko pausa denboran mobilizazioa antolatu dute klinikako hainbat langilek. Zuzendaritzarekin hitz egiten badute ere, salatzen dute lanpostu batzuk kendu dituztela, formakuntzak ez dituzte plantan ematen eta lansariak izoztuak direla.
Marienia klinikako langileak astearte honetan eguerdiko pausa denboran elkartu dira salatzeko lan baldintzak asko okertu direla Clariane enpresak klinika erosi zuenetik 2019an eta zuzendaritza aldatu denetik 2020an. Batez ere, lanpostu batzuk kendu eta lansariak izoztuak direla salatzen dute langileek.
Maiana Aguerre Marienia klinikako erizainak azpimarratu du zuzendaritzarekin ukandako elkarrizketen ondotik, lanbide batzuetan lansariak igotzen lortu dutela baina ez guztietan. Ondorioz, galdegiten dute lanbide guztietan langileen aitzinamendua kontuan hartua izatea lansarietan.
Kendu dituzten lanpostuak berriz ematea eskatzen dute, egunerokoan zaila delako langileendako. Lan karga handitze horrek eragin zuzena duela erien zaintzan erran digu Amaia Elgart Marienia klinikako langileak: "Zaila da egunerokoan dena sarraraztea egunean eta, gibelean, ez dugu batere eskerrik", azpimarratuz: "gero, gure artean, beharrik giro ona dugula beraz horrek laguntzen du".
Eguerdiko pausa denboran egin dute mobilizazioa langileek eta mobilizatzen segituko dutela erran dute ez bada aitzinamendurik. CFDT sindikatuko ordezkariak mintzatu dira zuzendari ordearekin, entzun ditu eta haien eskaerak jakinaraziko dizkio zuzendariari.