Marieniako lur salmenta trabatzeko aukera du Euskal Hirigune Elkargoak irailaren erdialdera arte. Kolektiboek dei egin dute lurra laborantzarentzat atxikitzeko eta bi mobilizazio iragarri dituzte: irailaren 6an Kanbon eta 9an Baionan.
Kanbon, Marieniako lur salmentaren auzia berriz piztu da. Uztailean Bouygues Immobilierren aldeko hitzarmen berria sinatu zuten, 3,76 hektarea 2,62 milioi eurotan salduz. Aurreko akordioak baino 453 mila euro merkeagoa da prezioa, baina salmenta oraindik ez da behin betikoa. Horrek aukera zabaltzen du Euskal Hirigune Elkargoarentzat: irailaren erdialdera arte badu bere aurre-erosteko eskubidea baliatzeko parada.
ELB, Lurzaindia, Nahi Dugun Herria, CADE eta OSTIA kolektiboek dei egin dute aukera hori ez galtzeko. Haien esanetan, lur hauek artzainek ustiatzen dituzte aspalditik, eta etxebizitza proiektuak —ehun bat etxe, horietarik 49 kolektiboan— artifizializazioa ekarriko luke, laborarientzako lan tresna galduz eta elikadura burujabetza kolokan jarriz.
"Orain Elkargoaren esku da akats hori zuzentzea", adierazi du Maryse Cachenaut ELBko kideak, gogoratuz azken 35 urteetan batez beste 250 hektarea galtzen direla artifizializazioagatik.
Kolektiboek, gainera, mobilizazioetara deitu dute: irailaren 6an Marienian uztak biltzeko eguna antolatuko dute, goizeko 10:00etan informazio biltzar batekin eta patata jasotze lan kolektiboarekin, salmenta solidario, hitz hartze eta aperitibo animatu batekin bukatzeko; eta irailaren 9an Baionako auzitegian elkartzeko hitzordua eman dute, 13:45ean, hiru ekintzaile epaituko dituztenean, iazko apirilean Kanboko udal kontseiluan egindako protesta ekintzagatik.