Ekainaren 14an igandearekin, mobilizazio eguna antolatzen dute ELBk, Lurzaindiak eta OSTIAk Kanboko Marieniako lurretan. Ardiak laxatu dituzte eta arditegi bat eraikiko dute. Bouygues-n proiektua geldiarazteko xedea dute hirigintza planoa aldaraziz.
Kasu ardiak kexu! Lema horrekin, OSTIAk, ELBk eta Lurzaindiak mobilizazio eguna antolatzen dute ekainaren 14ean Marieniako lurretan Kanbon. Ideia da lurrak okupatzen segitzea, ondoko urteetan egoera aldatu arte.
Iparralde guziko 50 ardi laxatu dituzte Kanboko Marienian asteazken honetan. Erran behar da lurrak ez direla gehiago baliatuak, jabeak kanporatu baitu lur horiek alokatzen zituen laboraria. Baina obrak ez dira oraindik hasiak, permisaren kontrako errekurtso bat beti aztertzekoa baitu Pariseko kasazio auzitegiak.
Iparralde guziko laborariak mobilizatu dira 50 ardi uzteko Marienian. IRULEGIKO IRRATIA
Arte horretan, proiektuaren kontrakoek uste dute batailak segitzen ahal duela, eta herriko bozen emaitzak ikusita, bihurgune batean dela afera. Lurzaindiako Dominique Amestoyek gure mikroan baieztatu du "haizea aldatu dela", eta lehen aldikoz Kanboko auzapeza proiektuaren kontrakoa zela. Dominique Amestoyek espero du lehen etapa batean Bouygues-n proiektua geldiaraziko duela, eta ondotik epe luzerako gakotuko dituela Marieniako lurrak.
Hori dute orain helburu nagusia OSTIA, ELB eta Lurzaindiakoek: PLUI edo Hirigintza planaren aldatzea, Marieniako lurrak laborantxako lurrak berriz bilaka daitezen. Jakin behar da hirigintza planoak ez direla gehiago herri mailan trenkatzen, baizik eta elkargo mailan. Eta Bouygues-n kontrakoek uste dute Alain Hiriarten garaipenak eragina ukanen duela.
Baina prozesu horrek urteak hartzen ahal ditu, eta anartean tokia okupatzen segitzen behar dutela uste dute OSTIA, ELB, eta Lurzaindiakoek. Horretarako, igandeko mobilizaziora herritarrak deitzen dituzte, “Marienia lurraren mantentzearen aldeko borrokaren sinboloa baita”. OSTIA sareko Xan Coscaratek gure galderei erantzun du. Beretako, igandekoa biziki inportantea da "zeren eta Kanboko borroka ez da bakarrik laborariena, ez da bakarrik Kanboarrena, Euskal Herri osoarena da. Biharko janaria dugu zaintzen."
Marienia lurraren mantentzearen aldeko borrokaren sinboloa da.
Hitzordua emana da igandean beraz 11 onetatik goiti hainbat ekintzendako: arditegi bat eraikitzeko tailerra, lurraren defentsako kolektiboen topaketak, bazkari partekatua, antzerki, musika eta beste.