94 urterekin zendu zen atzo gauean aita Marzel Etxehandi beneditarra. Eiheralarren sortua, 40 urte eman zituen Biblia lapurterara itzultzen.
San Benediktoren Ordenak sarean iragarri duenez, azaroaren 15etik 16rako gauean zendu da aita Marzel Etxehandi. 1932an Eiheralarren sortu zen, laborari etxe batean, eta hamar urte besterik ez zituela hasi zen Beloken ikasten, baxoa egin arte. Aljeriako gerlan egin zuen soldaduska, eta 1957an ordenazioaren ondotik, Beloken segitu zuen, kolegioko irakasle. Beneditarrek azpimarratu dutenez, diozesiaren arte sakratuaren batzordeko kide izan zen, eta hala, Ipar Euskal Herriko hainbat eliza zaintzen eta berritzen aritu zen. Lauburu elkartean ere ibili zen, hilerrietan lauburuen presentzia bermatzen. Frankismo garaian, Lazkaoko eta Belokeko beneditarrak saretzen aritu zen, eta Lazkaoko artxiboaren sorkuntzan parte hartu zuen.
Haren lan handiena, haatik, Biblia euskaratzea izan zen. Hala, Erroman eta Jerusalemen formatu zen, eta 1967an ekin zion lanari. 1980an lehen zati bat argitaratu ondoan, 2008an iritsi zen lan osoa, nafar-lapurteraz idatzia.
Marzel Etxehandi atzo gauean zendu zen 94 urterekin. Ostegunean, azaroaren 19an eginen diote azken agurra, 15:00tan, Belokeko elizan.