Baionan elkartu diren hiru sareetako 175 irakaslek baxoko matematikako proba eta terminaleko ahozko handia euskaraz egiteko eta zuzentzeko aukera eskatu diote Hezkunde Nazionalari.
Baionan bildu dira atzo Pribatu, Publiko eta Katolikoko irakasleak, Hezkunde Nazionalari baxoko probak euskaraz egiteko aukera galdegiteko. Orotara hiru sareetako 175 irakaslek izenpetu dute manifestua.
Irakasleek salatu dute azken urteetan atzerapausoak izan direla: 2019ra arte matematikako eta historia-geografiako probak euskaraz egiten ahal ziren, baina gaur egun ez da posible. Horregatik, 2026ko ekaineko leheneko matematikako froga euskaraz zuzendua izan dadila eskatu dute, behar diren irakasleak badirela azpimarratuz.
Bestalde, terminaleko ahozko handia ere euskaraz zuzendua izan dadila galdegin dute. Gogorarazi dute duela bi urte hiru sareetako ehun bat irakaslek ahozko handia euskaraz egiteko aukera eskaini zietela ikasleei, eta horrek erakutsi zuela bai ikasleen bai irakasleen aldetik nahikeria bazela eta baliabide faltarik ez zegoela.
Horren harira, Etxepare lizeoko zenbait ikaslek matematikako froga euskaraz eginen dutela iragarri dute, bai ala bai. Irakasleek beren sostengua adierazi diete ikasleei, eta diote prest direla probak euskaraz zuzentzeko.