(Ipar EH)

Mathieu Ospital eta Peio Larralde parez pare Human’Isa elkartearen alde ostegun honetan Baionan

Peio Larralde eta Mathieu Ospital pilotariak ariko dira buruz buru ostegun arratsalde huntan Baionako Modernoan Angeluko ISABTP injeniadore eskolak antolatu Human’Isa elkarte humanitarioaren alde. Ondotik salatuko dute zoin herrialde lagunduko duten.

Mathieu Ospital eta Peio Larralde parez pare Human’Isa elkartearen alde ostegun honetan Baionan
Human'isa elkarteak lagundutako proiektu bat Afrikan
Kriztof Arotzarena
2025/10/15 12:23

Angeluko ISABTP injeniadore eskolako bosgarren urteko ikasleek proiektu humanitarioa daramate urte guztiez beharretan den herrialde bat laguntzeko. Lur eremu hutsetik abiatuz jada altxatu zituzten eskola edo osagarri zentro batzuk aintzineko urteetan. Leku horietara joateko bidaia gehi materialaren eramaitea diruztatu behar dute. 230 mila euroko aurrekontua da. Hortarako enpresa batzuek diruz laguntzen dituzte. Ikasleak ere interim edo lan kontratu laburreko lanetan ari dira klaseko orenetarik kanpo dirua biltzeko. Eta ekitaldiak antolatzen dituzte ere. Goi mailako hitzordua prestatu dute pilotazaleen biltzeko. Baionako Modernoan buruz buruka ariko dira Peio Larralde eta Mathieu Ospital ostegun arrats honetan (urriaren 16an). Aintzin partida izanen da lehenik 18.30tan bi ikasleren artean. Mattin Durrutik jokatuko du Ahetz Etxart Sarasolaren aurka. Partidetarik landa jakinaraziko dute nora abiatuko diren ondoko proiektua gauzatzera.

2005etik 15 proiektu lagundu dituzte. Azkenak:

  • 2019 : Kolegio haunditzea Beninen

  • 2020 : Eskola eta kantina bat Tanzanian

  • 2021 : Madagaskar eta Ipar Euskal Herriko Atherbea

  • 2022 : Eskola bat Komoreetan

  • 2023 : Osagarri zentro bat Paraguain

  • 2024 : Eskola bat Tanzanian

  • 2025: Kolegio bat Senegalen

Argitasun gehiago atxeman daiteke https://www.humanisa.org/


 

 

 

 

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu