Maule eta Donibane Lohizuneko errugbi taldeen arteko derbia zuzenean Euskal Irratietan larunbatean

Gizonezkoen Nationale 2 mailan, bigarren derbia aste bat barne jokatuko du Maulek bere zelaian. Joan den astean Angelu sailkapeneko azkena garaitu zuen partida gogor baten ondotik. Larunbat honetan bosgarren den Donibane Lohizune errezibituko du.

Maule eta Donibane Lohizuneko errugbi taldeen arteko derbia zuzenean Euskal Irratietan larunbatean
Partida bakarra galdu dute mauletarrek aurten beren zelaian. SAM
Kriztof Arotzarena
2025/12/12 16:22

Hiru euskal talde lehiatzen ari dira Nationale 2 mailan aurten. Multzo berean dira. Donibane Lohizune bosgarren da 30 punturekin, Orléans liderretik 10 puntutara. Xiberotarrak urrunago dira sailkapenean. Hamargarren lekuan daude 21 punturekin. Graulhet hamaikagarren da 18 punturekin eta Angelu hamabigarren 13 punturekin.


Angelu zailtasunean joaneko partidetarik landa


Itzuliko partiden hasiera markatuko du hamabigarren egunak. Angeluk bi partida irabazi ditu eta bederatzi galdu. Alta joan den astean errefera eman zion Mauleri Xiberoan. Baina puntu bakarra lortu zuten partida horren ondotik 17 - 12 galdurik. Igandean Langonen zelairatuko dira angeluarrak. Partida zaila izanen da berriz ere hirugarren baita sailkapenean Gironde aldeko taldea.


Etxeko partidetan ongi dabiltza Maule eta Donibane Lohizune


Partida bakarra galdu dute beren publikoen aitzinean Maulek eta Donibane Lohizunek. Maulek Orléans liderraren aurka eta Donibane Lohizunek Tyrosse laugarrenaren parean. Abantaila xiberotarrei beraz, horiek errezibituko baitute larunbat arratsalde honetan. Partida zuzenean emanen dugu 15.30tik goiti.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu