Iragan ostegunean Mauleko Günea izeneko kultur gunea kabaret gaualdi batekin estreinatu dute. Antzerki mota ezberdin, umore eta Jurgi Ekizaren kontzertuaz gozatu dira ehun bat pertsona. Jendea esperantzaz beterik ilki da gaualditik.
Iragan ostegunean gaitzeko arrakastarekin estreinatu da Mauleko Günea.
Antzerki, umore eta musikaz josi da kabaret gaualdia. Nahiz eta astean zehar izan beterik zen gela. Arraileriaz beterik abiatu dute gaualdia, ofiziala ez zen xingola delako bat moztez.
Ehun bat jende hurbildu zen eta tripa bete ondotik ikusgarriak abiatu ziren antzerki motak elkarrekin lotzez.
Jurgi Ekizaren kontzertuarekin bururatu da gaualdia, bere azken diskoko kantoreak eman dituelarik besteak beste.
Jendea loriaturik atera da hortik eta halako guneak bizi kulturala aberastuko duelako esperantzarekin.
Datorren hitzordua Günean: urriaren 4an "La eterna primavera" antzerkiarendako arratseko 8.30tan gazteleraz, urriaren 10ean ber antzerkia baina frantsesez, ber gune eta orduan.