(Ipar EH)

Medikuntza-sozial arloaren aldeko mobilizazio egun haundia urriaren 9an Baionan

Urriaren 9rako mobilizazio egun haundia iragarri du intersindikalak medikuntza eta sozial arlo publikoari eta pribatuari dagozkien formakuntza eskasia, prekaritatea baita emazte ta gizonen arteko lansarien desberdintasunak ere salatzeko Baionan.

Medikuntza-sozial arloaren aldeko mobilizazio egun haundia urriaren 9an Baionan
CGT, LAB, UNSA eta SOLIDAIRES sindikatuak Euskal Hirigune Elkargoaren aitzinean Baionan
Kriztof Arotzarena
2025/07/04 15:01

LAB, CGT, UNSA eta SOLIDAIRES sindikatuak eskuz esku prestatzen ari dira sartzerako borroka soziala eta denbora hartuz antolatu nahi dute. Azken manifestazioa bukatu zen Euskal Hirigune Elkargoaren aitzinean bildu dira ostiral huntan (uztailak 4). Medikuntza sozial arlo publiko eta pribatuko langileak eta orohar jendartea ere jada deitzen dituzte urriaren 9an antolatuko duten mobilizazio haundian parte hartzera. Sindikatuek azpimarratzen dute denek goiz ala berant medikuntza sozialeko zerbitzuen beharra badutela. Gaitzetsi dute Frantziako Gobernuaren politikak gero eta gehiago antisozialak direla, desberdintasunak gero eta handiagoak, lan baldintzak gero eta okerragoak. Arazo horien aurrean dagoen isiltasuna ezin dutela gehiago onartu adierazi dute 4 sindikatuek. Aipatu dute Baionako Ospitale publikoan edo Donibane Lohizuneko Poliklinikan gertatzen ari dena arazoen adibidetzat har daitekela. Horregatik oso garrantsitsua iduritzen zaie denak batzea. Soldatak igaitea, misioak betetzeko baliabideak izan publikoan edo pribatuan, lanpostu gehiagoren sortzea baita emazte ta gizonen arteko berdintasuna galdetzen dituzte. Urriaren 7tik goiti, langile guztiak greban jartzera eta borrokatzera deitzen dituzte eta urriaren 9rako Greba egun indartsua iragarri dute. Hemendik aitzina eta urriaren 9ra arte memento guziak erabiliko dituztela langileen ganat joaiteko eta konbentzitzeko denek batera borrokatu behar dutela abisatu dute.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu