Medikuntza sozialeko eta funtzio publikoko langileak grebara deituak urriaren 9an Baionan

Soldatak igaitea, misioak betetzeko baliabideak izan publikoan edo pribatuan, lanpostu gehiago sortzea baita emazte ta gizonen arteko berdintasuna ere galdetuko ditu intersindikalak. Hitzordua Departamenduko Kontseilu aitzinean goizeko 11 orenetan.

Medikuntza sozialeko eta funtzio publikoko langileak grebara deituak urriaren 9an Baionan
CGT, LAB, FSU, UNSA eta SOLIDAIRES sindikatuek urriaren 9ko greba eguna iragarri zuten Euskal Hirigune Elkargoaren aitzinean 2025eko uztailean. EUSKAL IRRATIAK
Kriztof Arotzarena
2025/10/07 16:37

LAB, CGT, FSU, UNSA eta SOLIDAIRES sindikatuek eskuz esku prestatu zuten udan zehar sartzerako borroka soziala eta denbora hartuz antolatu nahi izan zuten langileak sentsibilizatzeko eta motibatzeko asmoz. Medikuntza sozialeko arlo publiko eta pribatuko langileak eta orohar jendartea ere deitu dituzte urriaren 9an antolatuko duten mobilizazio haundian parte hartzera. Sindikatuek azpimarratzen dute denek goiz ala berant medikuntza sozialeko zerbitzuen beharra badutela. Urriaren 9 honetan gaitzetsiko dute Frantziako Gobernuaren politikak gero eta gehiago antisozialak direla, ezberdintasunak gero eta handiagoak, lan baldintzak gero eta okerragoak. Arazo horien aurrean dagoen isiltasuna ezin dutela gehiago onartu adierazi dute sindikatuek. Aipatzen dute Baionako Ospitale publikoan edo Donibane Lohizuneko Poliklinikan gertatu arazoak adibidetzat har daitezkela. Horregatik oso garrantsitsua iduritzen zaie denak batzea bai sektore publikoko langileak baita pribatukoak ere. Soldatak igaitea, misioak betetzeko baliabideak izan publikoan edo pribatuan, lanpostu gehiagoren sortzea baita emazte ta gizonen arteko berdintasuna galdetuko dituzte. Urriaren 9rako greba egun indartsua iragarri dute. Hitzordua emaiten dute goizeko 11 orenetan Baionako Departamenduko Kontseiluaren aintzinean. Desfilea handik abiatuko da gero Louis De Foix aintzinetik pasatzeko eta ospitalera helmugaratzeko.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu