Azken urteetan ura azkarki faltatu da Behorlegiko mendian udan, eta kamioiez karreatu behar izan dute hainbat aldiz kabalendako. Eskas horri buru egiteko, Garaziko mendi sindikatuak obrak eraman ditu ura goiti tiratzeko.
Behorlegiko kaskoetan ura ausarki izanen da ondoko udan. Hasteko, hori espero du Garaziko mendi sindikatuak, azken urteetan eraman dituen obrekin. Mendibetik Behorlegi gainera uraren tiratzeko obrak bururatu dituzte.
Obra gottorrak
Mendibe Xilardoitik hartu eta Behorlegi Armiara tiratu, handik Behorlegiko herria pasa, eta gainekalderantz igorri Olhobiraino. Eta hortik, Behorlegi Sahaski arte jinarazi. Hala nondik norat tiratu behar izan duten ura, Sahaskin den 60 000 pintako ontziaren betetzeko.
Garaziko mendi sindikatuko lehendakaria den Henry Inchauspék erran dauku betidanik aski ttipiak izan direla Behorlegi gaineko iturriak baina azken urteetan biziki fite agortu direla. Badu zonbait uda beraz ura kamioiez karreatzen dutela: aurten 120 bat kamioi igan dira.
Mendibe Xilardoitik, iturritik beraz, Behorlegi Sahaskiraino, betetzen den ontziraino, kasik hamar kilometro direla erran dauku Henri Inchauspék. Patarra goiti igortzeko ura, partez eguzki panela batzuekin martxan diren ponpak instalatu dituzte.
Behorlegiko obra horiek ez dira mendi sindikatuak uraren inguruan duen proiektu bakarra. Henri Inchauspék gure mikroan adierazi du Garaziko beste mendietan ere lan sakona eramaten dutela: iturri guzien itzulia egin eta, tokika lan desberdinak identifikatu dituzte, adibidez ontzi batzuen instalatzeko uraren atxikitzeko.
Paxkal Neguelouart Behorlegiko auzapeza, Mattin Berrogain obren eramailea eta Henry Inchauspé Garaziko mendi sindikatuko lehendakaria. IRULEGIKO IRRATIA
Behorlegiko herriaren ur sarearen azkartzeko parada
Behorlegiko auzapeza den Paxkal Neguelouartek erran dauku herrian berean etxe guziak ez zirela sareari lotuak eta gerta ditaikela ura eskasean izatea. Paradaz baliatu dira ondorioz herriko sarearen osatzeko.
Mendibetik ur soberakina tiratuz, Behorlegiko herritarren ur sarea azkartzen da, eta bide beretik Behorlegiko gainetara igortzen da. Hala ere, auzapezaren erranetan, ondoko urteetan beharko dituzte herritik hurbil diren beste iturri batzuetan ere obrak egin geroaren segurtatzeko.
Behorlegiko Sahaskira uraren tiratzeko obrek 400 000€ gostatu dituzte gutti gora behera, jakinez mendi sindikatuak Eskualdearen eta Europaren diru laguntzak eskuratu dituela.