Miarritze (Lapurdi)

Miarritzeko aisialdi zentroko bi animatzaile atxilotuak dira, haurrak bortxatu eta sexu erasoengatik

Hiru eta lau urteko hamahiru haur dira biktimak, gutienez. Momentuz, bortxaketa bat da salatua, eta hamabi sexu eraso. Oraingoak dira erasoak: uztailaren 6tik 17ra gertatuak, Miarritzeko aisialdi zentroan.

Miarritzeko aisialdi zentroko bi animatzaile atxilotuak dira, haurrak bortxatu eta sexu erasoengatik
Mouriscot etorbideko aisialdi zentroan gertatu dira sexu erasoak. GOOGLE MAPS
Aimar Lopez Erasun
2026/07/21 15:03

Hamahiru sexu eraso izan dira, gutienez, hamabi eguneko epean. Miarritzeko Herriko Etxearen Mouriscot aisialdi zentroko bi animatzaile atxilotu ditu gaur goizean poliziak, hiru eta lau urteko haurrak bortxatu eta sexualki erasotzeagatik, Ici Pays Basque irratiari Baionako prokuradore-ordeak erran dionez. Momentuz, ikerturiko hamahiru kasuetako bat bortxaketa bat da, eta lau salaketa jarri dituzte.

Joan den ostegunean hasi zen ikerketa, lehen salaketa batzuen ondotik, eta Serge Blanco Miarritzeko auzapezak lehen animatzaile bat kanporatu zuen egunean berean. Aipaturiko irratiaren arabera, 36 urteko gizon bat da, azken bi urteetan lanpostu horretan aritu dena. Biharamunean, salaketa gehigarri batzuek eta ikerketek bigarren gizon bat akusatu zuten: 21 urte ditu, eta langile sasoilaria da. Hau ere egunean berean kanporatu zutela argitu du herriko etxeak. Prokuradore-ordeak prentsari azaldu dionez, uztailaren 6tik 17rako epea zein hamahiru erasoen kopurua handitzeko aukera bada.

Ikerketa delikatua

Erasotuen adina eta mintzatzeko gaitasun mugatua dela-eta, ikerketa egiteko modua bereziki delikatua da. Baionako ospitaleko unitate berezi batean egiten ari dira galdeketak, UAPED arriskuan diren haurren harrerarako unitate pediatrikoan. Orain arte egin dituzten lau galdeketak mediku forentse batek, psikologo berezitu batek eta polizia ikertzaile berezitu batek egin dituzte. Galdeketak egin dituzten espazioa ere berezia da, haurrak ahalik eta goxoen egon daitezen eta kanpoaldean behar bezain bertze ikertzaile egoteko prestatua.

Miarritzeko Herriko Etxeak harrera psikologikoa martxan jarri du Mouriscot aisialdi zentroko haurrentzat eta familientzat. Bi psikologo ari dira herriko etxean hauek artatzen, eta Baionako ospitaleko espezialistek ere aurki eginen diete harrera.

Brice Morin Miarritzeko haurtzaroaren hautetsi arduradunak Euskal Irratietan azaldu duenez, inkestaren berri zehatzik ez dute gaur arte ukan, eta hortaz, haurrak eta familiak "lasaitzen" aritu dira. Bertzeak bertze, kanporatutako bi animatzaileak langile emazteekin ordezkatu dituztela azaldu du.

Interesgarri izanen zaizu