Irati gelak gerizatu du apairu polemikatsua. "Mousse" biribilguneko manifestarien harresia bortxatzera entseatu dira bazkaltzera zihoazenak lortu gabe eta ondotik desfilea zatitu du poliziak gas negargarriak igorririk.
Polizia dispositibo zabala ezarri du Prefeturak
Goizik blokeatu ditu Irati gelaren inguruko biribilguneak poliziak. Oroit Herri Harresia eta Anti-Canon-français kolektiboek hiru gunetan oztopatzera deitu zutela larunbat honetan eta 11 orenak aitzin ehunka manifestari hurbildu dira gune horietara.
@Herri Harresia
Bere aldetik Canonfrançais-ri Ez taldeak Marion aintziran eman du hitzordua hortik manifestazioa 11 orenetan abiatzeko eta 400 bat pertsona bildu dira. Poliziak nortasun kontrol anitz egin ditu. Pertsona batek ukaturik, poliziak atxilotu du manifestazioa abiatu aitzin.

Ondotik, beste bi kolektiboek blokeatu Mousse biribilgunera heldu da desfilea beste biekin bat egiteko. Orduan Canon français enpresak antolatu apairuko bazkaltiar batzuk entseatu badira bortxaz pasatzen, manifestariek ulertarazi diete ez zela posible. Eta ondotik polizia hasi da gas negargarrien botatzen manifestarien barreiatzeko. Kolpatu batzuk ere eragin dituzte jaurtiketek eta Baionako prokuradoreak jakinarazi du 8 polizia zaurituak izan direla.
@Ekhi Erremundegi
Beste lekuei dagokienez, Irati gelaren pean den Leclerc saltegiko biribilgunea zailtasunak ukan dituzte bazkaltiar batzuek herri harresiaren zeharkatzeko baina poliziaren laguntzarekin lortu dute. Herri Harresia kolektiboak azpimarratu du gune horretan besta giroa nagusitu dela nahiz eta artetan tentsio batzuk izan diren bazkaltiar batzurekin.
Eta hirugarren blokeatze gunea izan da Maignon lan eremutik ateratzen den Pitoyseko biribilgunea. Han beste 300 bat lagun baziren eta leku hortatik ez da Canon français enpresaren gonbidaturik pasatu ahal izan.
Herri Harresia eta Anti-Canon français kolektiboak pozik apairuari ekarri erantzunaz
Miarritzen milaka pertsona mobilizatu dira eskuin muturraren eta Canon français enpresaren kontra. Arrazismoa, homofobia eta bazterketa irudikatzen dituen bazkariari buru egiteko, Euskal Herriak determinazio handia erakutsi nahi zuela adierazi dute mobilizazioaren antolatzaileek enpresaren ekitaldia ahalik eta gehien trabatuz. Azpimarratu dituzte ere azken asteetan izan den mobilizazio eta auzolana. Elkarrekin eta kolektiboki indartsuagoak direla gehitu dute jendarte bezala dituzten desafioei eta faxismoari buru egiteko.
Azken hitzartzea arratsaldeko 3 orenetan egin dute Herri Harresia eta Anti-Canon français kolektiboek deklaratuz mobilizazioa ongi iragan dela, mezua pasarazia izan dela. Eta herri harresietako jendeak barreiatu ondotik, gomendatu dute etxera sartzea pertsona batzuk ez bakarrik gelditzeko.
Jakin dugunez, bi pertsona atxilotu lituzke poliziak.
@Herri Harresia
Sud-Ouest kazetaren arabera, 400 bazkari ez dira zerbitzatuak izan. Horren erran nahi du 1.600 jendek parte hartu dutela Canon Français enpresak antolatu apairuan larunbat honetan Miarritzeko Irati gelan.